Ahalmen ekonomikoaren araberako ordainketa sistema erabiltzen ari dira jada hainbat udal zerbitzu

Irungo Udalak gogorarazi duenez, ahalmen ekonomikoaren araberako ordainketa sistema erabilgarri dago jada hainbat zerbitzuetan. Sistema honen bidez, tarifak erabiltzaileen diru sarreretara eta ondarera egokitzen dira, kultur, hezkuntza eta kirol arloko jardueretan parte hartzeko aukerak ekitatiboagoak izatea bermatzeko.

Zehazki, irailetik aurrera, zerbitzu hauetan aplikatuko da sistema hori: Eskola Kirola programan, Zeramika Tailerrean, Marrazketa eta Pintura Akademian eta haur txokoetan, baita Musika Eskola eta Kontserbatorioan ere –Musika Eskola eta Kontserbatorioan, behin-behineko inskripzioak egin dira dagoeneko–.

Sistema aurten jarri da martxan, eta Solas-Jolas eta AbenturaERO programetan eta udalekuetan aplikatu da dagoeneko. Horrela, orain arte mila lagun inguruk tramitatu dute Udaleko Ogasun Arloak zerbitzuen tarifetan haien diru sarreren araberako deskontuak aplikatu ahal izateko baimena.

Ogasuneko ordezkari Nuria Alzagaren esanetan, “sistema hau aplikatuta, Udalak pertsona bakoitzaren egoera ekonomiko eta familiarrari erantzuten dio. Gure ustez, hiriko kultur, hezkuntza eta kirol arloko jardueretan parte hartzea ezin da izan ordainketa ahalmenaren araberakoa, baina familia batzuek eta besteek ez dituzte aukera berdinak. Tarifak diru sarreretara egokitzea pertsonen bizitza errazteko modu bat da, eta aukera berdintasunarekin eta hiria ekitatibo eta inklusiboagoa izatearekin hartua dugun konpromisoaren adierazgarria”.

Behin eskaera aurkeztuta, ekitaldi fiskal osoan mantenduko da eskatzaileari egokitzen zaion tarifa, eta irizpide bera aplikatzen duten udal zerbitzu guztietarako baliozkoa izango da, familiek ez ditzaten berriro egin behar izan tramiteak. Gero, eskaera automatikoki berrituko da, urtero, eskura dauden datu fiskalak edo interesdunek ematen duten informazioa baliatuz. Horrela, zerbitzuak erabiltzeko aukera sinplifikatzen du sistemak, eta bizikidetza unitate bakoitzaren ahalmen ekonomikoaren proportzioan egokitzen ditu kuotak.

Lau tarifa ezberdin

Ordaindu beharreko zenbatekoa zehazteko, lau tarifa bereizi dira, urteko diru sarreren arabera: errenta 15.120 eurotik beherakoa bada, tarifa osoaren % 5; 23.188 eurotik beherakoa bada, tarifa osoaren % 35; 29.096 eurotik beherakoa bada, tarifa osoaren % 55; eta 29.096,01 eurotik gorakoa bada, tarifaren % 100. Erreferentziazko errentak, gainera, kenkari batzuk hartzen ditu barnean, ordaindu beharreko zenbatekoa are gehiago egokitzeko erabiltzaileak edo familia unitateko kideren batek desgaitasunen bat badu, erabiltzaileak adingaberen bat badu bere ardurapean edo familia guraso bakarrekoa bada besteak beste.

Udalak gogorarazi du garrantzitsua dela eskaera aurkeztea sistema hau aplika dadin, bestela tarifa osoa aplikatzen baita automatikoki. Eskaera telematikoki tramitatu daiteke, Udalaren egoitza elektronikoan, Irun Txartela, BakQ sistema, NAN elektronikoa edo IZENPE ziurtagiria erabiliz, zuzemenak errazago egin ahal izateko eta joan-etorrian ibili behar ez izateko. Irunen erroldatuta ez daudenek, berriz, instantzia orokor bat aurkeztu behar dute, familia liburuarekin batera.

Egoera sozioekonomikora egokitua

Ekimen honen bitartez, Udalak herritarren egoera sozioekonomikora egokitutako tarifa politika bidezko bat egiteko konpromisoa berresten du, udal zerbitzuak erabili ahal izatea ez dadin izan ordainketa ahalmenaren araberakoa; alegia, pertsona guztiei berma dakien. Udalak gizartearen kohesioa sustatzeko, herritarrek hiriko kultur eta kirol jardueretan parte hartzea bultzatzeko eta baliabide publikoak erabiltzea galarazten duten oztopo ekonomikoak txikitzeko lantzen dituen ildo estrategikoen barruan dago ekimena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude