“Hadrianoren harresia” erakusketa aurkeztu du Oiasso Museoak

Irungo Udalak, Oiasso Erromatar Museoaren eskutik, Vindolanda Charitable Trust-ekin lankidetzan eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, “Harresia – El Muro” erakusketa irekiko du ostiralean, urriaren 22an, Ingalaterrako iparraldean dauden Hadrianoren Harresiari eta Vindolandako mugako kanpamentuari eskainia.

Erakusketan, 1930eko hamarkadaz geroztik egindako indusketei esker agerian geratu diren aurkikuntza arkeologikoen argazkiak eta bertan aurkitutako pieza batzuen erreplikak izango dira ikusgai. Erakusketa hau beste urrats bat da Oiasso Museoak beste kultur erakunde eta museo arkeologiko batzuekin dituen loturen garapenean; kasu honetan, Vindolandako museo ingelesekin eta Roman Army Museum-ekin.

Lurraren ezaugarriei esker, objektu organiko ugari gorde dira, batez ere, idazteko euskarri gisa erabiltzen ziren zurezko oholtxoak. Vindolandako oholtxo ezagunei esker, Britainia Handiko iparraldeko soldadu-talde baten egunerokoa ezagutuko dugu, soldaduak eta haien familiak eta esklaboak nola bizi ziren. Irungo erakusketan, inguruko indusketetan aurkitutako objektu garrantzitsuen erreplikak ere izango dira, hala nola Rudge Cup edo larruzko sagu bitxi bat, jostailu edo txantxa gisa erabiltzen zena.

Erromatarren historiako leku famatu baten inguruan biztanleak nola bizi zen jendeari erakusteaz gain, Hadrianoren Harresia hala baita, erakusketaren helburua da bisitariak harresi-kontzeptuari buruz gogoeta egitera gonbidatzea: babes- eta/edo bereizketa-elementuak, horma fisikoak (muga bat, espetxe bat…) eta kontzeptuzko hormak (klase-desberdintasunak, adina, identitatea, ideologia edo erlijioa), hormak historian zehar eta gaur egun daudenak.

Erakusketa irekitzeko bezperan, urriaren 21ean (osteguna), 19:00etan, inaugurazio-ekitaldia egingo da, eta bertan, bisita gidatu bat egingo da Maria Millán erakusketako komisarioaren eskutik. Era berean, abenduaren 10ean, Albert Anglès-Minguell Vindolandan egindako indusketetako laguntzaileak hitzaldi bat eskainiko du, “Vindolanda: eguneroko bizitza Inperioaren mugetan” izenburukoa. Albert Anglès-ek Adrianoren Harresian egunerokoan nola bizi ziren erakutsiko digu, Inperioko muga gotortuenetako eta iparraldekoenetako bat zen aldetik. Haren defentsan, funtsezko zeregina izan zuten unitate militar osagarriek, horien artean jatorri barduloko eta baskoiko unitateak.

Erakusketa doan ikus daiteke museoaren ordutegian: asteartetik igandera, 10:00etatik 14:00tara, eta ostiral eta larunbatetan, 16:00etatik 19:00etara.

IV. “Donejakue bideak” argazki-lehiaketako argazkiak, Oiasso museoan

Jacobi Elkarteak Txingudin antolatzen duen XVII. Done Jakueren Astearen esparruan, museoko beheko solairuan, IV. “Donejakue bideak” lehiaketako argazkiak ere ikusi ahal izango dira, museoaren ohiko ordutegian, urriaren 19tik 24ra. Erakusketarako sarrera doan da.

Patxi Pérez eta Aia Kruseren bakarrizketak Oiasso museoan

Patxi Perezek eta Aia Krusek larunbatean, urriaren 23an, Oiasso museoan eskainiko dituzte “Oiassoko emakumeak” izenburuko bakarrizketak, eta ez Ama Xantalen ermitan. Bakarrizketak saio bikoitzean eskainiko dira, 12:30ean eta 19:00etan. “Oiassoko emakumeak” bakarrizketak lau antzezpen dira, erromatarren garaiko errealitate desberdinak berpizteko sortuak. Aurretik izena eman beharko da. Jardueraren prezioa, 4,00 euro pertsona bakoitzeko, eta sarrerak Oiasso museoan eskuratu behar dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude