‘Bizi Gogoz’ programa proposamenez beterik dator udazkenerako

‘Bizi Gogoz’ programak udazkeneko programazioa du jada. Guztira, 4 tailer egingo dira udazkenean zehar. Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko eta Berdintasuneko Arloak antolaturik, Arloko ordezkari Josu Iguiñizek, Natalia Pérez arloko Adinekoen Zerbitzuko arduradunak eta Leontxo García, Olga Grande eta Junkal Alfonsoren bidez, emango diren tailerren arduradunetako batzuk, egitarauaren berri eman dute.

Programa 2024an jarri zen martxan, herritarrek partaidetza bidezko 2023ko aurrekontuen esparruan egindako eskaera bati erantzunez, eta 60 urtetik gorakoei pertsona arteko harremanak sendotzeko eta sormena eta ongizate fisiko eta mentala sustatzeko doako jarduerak eskaintzea du helburu.

Josu Iguiñiz ordezkariak nabarmendu duenez, arloak hiriko adinekoen arteko harremanak sustatzen jarraituko du, nahi ez dutenak bakarrik ez egoteko eta narriadura kognitiboari aurre egiteko: “Adinekoak aktibo sentitzeko aukerak eskaintzea eta horretarako giro atsegin eta positibo bat sortzea da gure helburua, onuragarria baita haien osasunarentzat”.

Udaleko Gizarte Ongizaterako eta Berdintasunerako Arloak antolatutako tailerretako bat ‘Do, Re, Ni’ da. Musikaren bidez adinekoen gaitasunak estimulatzea eta narriadura kognitiboa prebenitzea du helburu, eta Xabier Lizaso musikariak emango du, ekainetik datorren urteko martxora arte, Lekaeneko apartamentuetako espazio sozialean.  Metodologiak parte hartzaileen egoera kognitiboa hartuko du kontuan, eta pertsona bakoitzaren profilera egokitzeko malgutasuna izango du, haien onura bermatzeko.  Saioak euskaraz edo gaztelaniaz izango dira, taldearen arabera, baina beste hizkuntza batzuk ere erabiliko dira, abestien bidez, garunak esfortzua egin behar izan dezan haiek ulertu eta ahoskatzeko.

4 tailer

Tailer hauek hasiko dira udazkenean:

  • ‘Idazketa emozional pilulak: amodio propioa’. Itziar Sistiaga idazleak emango du, urriaren 2an, 17:00etatik 19:00etara, Palmera-Montero Gunean, eta parte hartzaileek autopertzepzioa eta amodio propioa landuko dituzte, idazketa ariketen bidez.
  • ‘Gymchess. Xakearen bidezko estimulazio kognitiboa’. Taula eta xake piezak erabiliko dira lanerako, baina ez da beharrezkoa xakeaz ezer jakitea. Aitzitik, tailerra entrenamendu kognitiborako sistema bat da, adinekoen behar kognitiboen arabera diseinatua. Leontxo Garcíak emango du, urrian eta azaroan, Palmera-Montero Gunean, hiru taldetan, 60 eta 70 urte artekoak, 71 eta 80 urte artekoak eta 80 urtetik gorakoak bananduta.
  • ‘+60ART: Jorge Oteiza’. Tailerrean, tresna kultural eta artistikoak emango zaizkie artearen alorrean interesa dutenei, eta korronte artistiko batzuk edo artista garrantzitsuak ezagutarazi; kasu honetan, Jorge Oteiza bera. Junkal Alfonsok emango du, azaroko astearteetan, 16:30etik 18:30era, Oiasso Museoaren egoitzan, eta, azaroaren 27an, ostegunarekin, irteera bat egingo da, Oteiza Museo Fundazioaren egoitzara.
  • ‘Irrati teatroa’. Olga Grande kazetariak irrati teatro proiektu bat egiteko eskola teoriko eta praktikoak emango ditu, Palmera-Montero Gunean, urrian eta azaroan.

Jarduera guztiak doakoak izango dira, eta interesdunek irailaren 19tik 30era arte eman dezakete izena, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan eta Udalaren egoitza elektronikoan.

Udan Gogoz

Iguiñizek Udan Gogoz programazioaren balorazioa egin du. Uztailean eta abuztuan izan dira programaren barruko jarduerak: gimnasia eta yoga Sarjia parkean (euria egin duen egunetan, Uranzu frontoian) eta irtenaldi kulturalak Gasteizko Santa Maria katedralera, Iratxeko monasteriora eta Erriberriko gaztelura, besteak beste. “Parte hartzaileek oso ontzat jo dute aire zabalean ariketa egin ahal izana, are gehiago udan, aktibo mantentzeko eta saioen ondoren elkarrekin egoteko aukera eman baitie. Are gehiago, urtean zehar bi jarduerei eusteko eskatu dute, baina, adinekoen elkarteek horrelako jarduerak antolatzen dituztenez urte osoan, hara bideratu ditugu”, adierazi du Iguiñizek.

Gimnasia saioetan, egunean 45 pertsonak parte hartu dute batez beste, eta, yoga saioetan, 25ek, ordubetez, astelehenetik ostiralera, tartekatuta. Irteerak, berriz, hilean bi aldiz egin dira, Euskal Herriko hainbat lekutara, eta, haien barruan, bisita gidatuak eta dastaketa gastronomikoak izan dira, parte hartzaileak elkarrekin egoteko eta elkar ezagutzeko; guztira, 212 lagunek (34 gizonek eta 178 emakumek) parte hartu dute irtenaldietan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude