Biok Txingudik 11 puntu gehitu ditu sailkapenera Gaztedi Bri 39-0 irabazi ostean. Lucia Duran, Yaiza Garcia, Maren Santa Cruz, Lohitzun Aia, Zumendi Caro, Miren Fernández, Leire Muñoz, Enara Arruti, Naroa de la Fuente, Onintza Burguera, Maddi Garmendia eta Laida Rodriguez izan dira Asier González prestatzaileak hasierako lerrokatzerako aukeratu dituen jokalariak. Gaxi Famoso, Saioa Gartzia, Irati Lazkano, Lupe Pescador, Aitana Garrido, Gaia Morris, Ainara Varela eta Luma Altubek ere jokatu dute.
Hasieratik menderatu du Biok Txingudik partida, lehenengo jokaldian, Enara Arrutik entsegua eta eraldaketa lortu baititu. 5 minutu geroago, Naroa de la Fuenteren txanda izan da eta beste bost puntu gehitu ditu markagailura (12-0). Baloiaren jabetza etxekoena izan da guztiz eta erasoa garatzen joateko aukerak izan dituzte mugakoek. 7 minutu geroago, de la Fuentek bere bigarren marka lortu du eta Arrutik eraldaketa gauzatu du. Atsedenaldia baino lehen, Onintza Burgerak eta Miren Fernándezek entsegu bana egin dute 29 eta 0ekoa finkatzeko.
Bigarren zatian, Biok Txingudik jokoaren intentsitatea jaitsi du, zigor kolpe gehiago egin dituzte eta gasteiztarrek metroak aurreratzeko aprobetxatu dute. Hala ere, mugakoak defentsan ondo aritu dira ere eta arabarren saiakerak zapuztu dituzte. Aldi berean, Enara Arrutik aldea handitu du beste entsegu batekin (34-0). Bigarren zatiaren erdialdean, Miren Fernandezek azkeneko marka egin du eta Leire Muñozek aldi baterako kanporaketa jaso du. Amaierako 39 eta 0ekoarekin, Biok Txingudik 11 puntu gehitzen ditu sailkapenerako.