Hastear da denboraldi berria Txingudi Errugbi Klubeko neskentzat

2022ko irailean Txingudi Errugbi Kluba erronka berri batean murgildu zen emakume talde bat sortzeko epe ertain edo luzera begira. Aurreko denboraldian hainbat lagunarteko jokatu ondoren, aurten taldea egonkortzea lortu dute eta Txingudi errugbi klubeko nesken taldea ligan ere arituko da. Asun Gamíndezekin batera aurreko urtean taldearen entrenatzailea izan zen Maider Aizpuruak  eta Asier Gonzalez entrenatzaile berria nesken errugbi taldearen erronkez aritu dira. 

Maider zer balorazio egingo zenuke aurreko urteko denboraldiaz?

Maider: Oso pozik eta harro gaude aurreko urteko lorpenez. Egia da taldean ase gabeko behar bat zegoela. Berez, hasieran lau emakumezko jokalari zeuden eta horietatik bi jokatu gabe geratzeko zorian zeuden, 16 urtetik aurrera neskek eta mutilek errugbian ezin dutelako batera jolastu. Taldea banatzeko unean ez zegoen nesken talderik eta klubak talde hori sortzeko apustua egitea erabaki zuen. Horrela, klubeko ordezkariak eskualdeko eskoletara eta institutuetara hurbildu ziren proiektuaren inguruko informazioa emateko. Zabalpen lan horri esker 14 eta 18 urte bitarteko hogei neska baino gehiago lortu genituen.

Iaz gustura ibili zirela dirudi, gehienek aurten errepikatuko baitute, ezta?

Maider: Aurreko denboraldian gure helburu nagusia izan zen jokalariei transmititzea familia batean zeudela eta talde baten parte sentitzea. Gainera, errugbiaren balioak transmititu genizkien, hau da, taldearekiko errespetua edo zintzotasuna, besteak beste. Nik uste hori guztia sentitu zutela neska hauek eta oso motibatuak zeudenez, beraien lagunak ere animatzea lortu zuten. Lagunarteko lau partidu jokatu genituen eta zerotik hasi ginenez, errugbiaren oinarriak gainetik ikasteko denbora besterik ez dute izan. Aurten askoz gehiago ikasteko aukera izango dute. Garrantzitsuena aurten neskengan errugbiarekiko zaletasuna eta taldearekiko maitasuna mantentzea izango da.

“Aurtengo helburu garrantzitsuena datorren denboraldirako taldea bermatzea izango da”

Asier Gonzalez, aurtengo entrenatzailea

Irunen bertan emakumeen errugbi talde bat izatea erreferente garrantzitsua izango da noski.

Maider: Oso garrantzitsua da Irunen horrelako talde bat izatea. Ederra da neskek handitzerakoan errugbian jolasten jarraitzeko aukera dutela ikustea, mutilek bezala. Ea hori mantentzea lortzen dugu, hori baita gure nahia.

Iaz abiatutako proiektuari jarraipena emango zaio aurten, ezta, Asier?

Asier: Maider eta Asuni berriro eskerrak eman nahi nizkieke, haiei esker lortu baitugu Txingudi klubean nesken talde bat izatea. Gu orain beraiek egindako lanaren fruituak jasotzen ari gara eta gogo handiz hartzen dugun erronka da. Nesken artean ere ilusio handia dagoela nabari da. Talde jatorra dugu. Egia da senior mailan aritzeko 16 urtetik gorako neskak behar ditugula, beraz, batzuek oraindik gurekin jokatzeko itxaron egin beharko dute. Hala ere, aspaldian klubean aritutako jendea berreskuratzeko ahaleginean ari gara. Beraz, proiektu polit baten erdian gaude. Hemendik gutxira zein ligatan jokatuko dugun jakingo dugu, oraindik erabaki batzuk hartu behar ditugu eta. Aurtengo helburu garrantzitsuena datorren denboraldirako taldea bermatzea izango da.  Nire helburua da duela urte batzuk Hernanira edo gertuko beste talde batzuetara joan ziren neskak berreskuratzea eta hori gehiago gertatu behar ez izatea.

Nola gertatu da entrenatzaile aldaketa?

Maider: Nire kasuan, ezin nuen ekipo bat aurrera eramateak eskatzen duen konpromisoa hartu arrazoi pertsonalengatik. Talde bat entrenatzeak astean pare bat entrenamendu eta asteburuetan partiduetan presente egotea eskatzen du. Zorionez, Asier ardura hartzeko prest agertu da eta pozik nago beraiengatik. Gainera, ahal dudanean laguntzeko prest izango naute beti.

Asier: Hasiera horretan Maider eta Asun proiektuan inplikatuta egotea oso garrantzitsua izan zen guretzat. Entrenatzaile aldaketa egiterakoan ez dugu haien lana zapaldu nahi, beraz, neskei asko institutu diegu behar dutenean aurreko entrenatzaileengana jotzeko, laguntzeko prest daude eta. Beraiekin konfiantza handiagoa dute, baina ziur guk ere laster lortuko dugula haiekin harreman ona izatea.

Denboraldi berriaren aurrean ilusioz zaudete?

Asier: Bai gu eta bai neskak. Ilusio handia dagoela nabari da. Nik uste neska irundarrek edo ingurukoek aukera bikaina dutela orain errugbian hasteko. Talde berria denez, oraindik oinarrizko gauzak lantzen ari gara eta kirolean hasteko aukera polita da.

Maider: Gainera, jokalari berriei harrera bikaina egiten diete, benetan maitagarriak dira. Irungo neska asko daude, baina badira ere oiartzuarrak eta pasaitarrak eta taldean oso gustura daude denak. Beraz, etortzen den edonor oso eroso sentitzen da hasieratik.

Etorkizunera begira taldearen biziraupena ziurtatzea garrantzitsua izango da, ezta?

Asier: Bai, gainera kontuan izanda errugbia kirol berezia dela, kirol gutxitua baita. Mutilen kasuan ere zaila da jolasteko prest dagoen jendea aurkitzea eta nesken kasuan are gehiago. Orain taldea osatzeko neska nahikoak ditugu eta gazteak direnez, etorkizunera begira ez genuke arazorik izan behar. Gainera, neska gazteak senior taldera igoko dira eta neska berriak ere animatzea gerta liteke.

“Orain klubera batzeko momentu aproposa da, baina beti izango dira neskak zein mutilak ongietorriak”

Maider Aizpurua, iazko entrenatzailea

Hasi al zarete dagoeneko denboraldiaurrearekin?

Asier: Abuztu hasieran hasi ginen entrenatzen. Entrenamenduak astelehenetan eta asteazkenetan egiten ditugu. Liga printzipioz urrian hasiko dugu, baina oraindik lehenengo edo bigarren mailan jokatuko ote dugun erabaki behar dugu. Ezberdintasun nagusia da lehenengo mailan 15ekin jolastu daitekeela. Bigarrenean, berriz, joko maila antzekoa da, baina batzuetan 12ra jotzen dute. Beraz, erabakia hartzeko dago oraindik. Garrantzitsuena da jada hasiak garela entrenatzen eta lehenengo mailan jokatzeko moduan gaudela.

Hala ere, kluba beti prest dago jokalari berriei harrera egiteko noski.

Asier: Horixe da. Orain klubera batzeko momentu aproposa dela uste dugu eta interesatua egon daitekeen edonori gonbidapena egiten diogu. Pixkanaka denon artean ondo jolasten eta disfrutatzen ikasiko dugulakoan nago.

Maider: Gainera, ez dakitenentzat, errugbia kirola baino zerbait gehiago da. Errugbian hiru denbora daude. Oso polita da, jolasteaz gain, partidua amaitzerakoan beste taldekoekin elkartu eta une atsegin bat pasatzeko aukera dagoelako. Giro polita da eta beste testuinguru sozial baten parte izateko aukera ematen du. Asierrek esan bezala, orain klubera batzeko momentu aproposa da, baina beti izango dira neskak zein mutilak ongietorriak.

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude