500 korrikalarien muga gainditu nahi du Irungo Gaueko II. Herri Lasterketak

Heldu den irailaren 21ean egingo da Herri Lasterketa berezi honen II. edizioa. Korrikalariak 20:30ean  abiatuko dira San Juan Harria plazatik, eta 6,5 km-ko ibilbidea egin beharko dute hiriko kale nagusiak zeharkatuz.
cartel2
Asko eta asko dira kirol proba berezi horretarako kronometroa eta kirol oinetakoak jada prest dituztenak. Hala ere, azken orduko despistatuak lasai egon daitezke, oraindik ere badute izena emateko astirik. Eguzkia ezkutatzean egiten den lasterketa honetan inskripzioa egiteko bi modu daude. Lehendabizikoa, Internet bidezkoa. Kirol Probak (www.kirolprobak.com) atarian sartu eta agertzen diren urratsak jarraitu besterik ez dago. Mendibil Merkataritza Gunean ere, larunbatean bertan arratsaldeko 17:00etatik 19:30era, izena eman dezakete korrikalariek. Dortsalak, berriz, ostegun, ostiral eta larunbat goizean jaso daitezke “Deportes González” dendan. Larunbat arratsaldean, berriz, Mendibil Merkataritza Gunean. Izen-ematearen prezioari dagokionez, 13 euro balio du txip horia hautatzen dutenentzat, eta 15 euro alokatutako txipentzat.
Lasterketa San Juanen hasi eta bukatuko da eta, esan bezala, Irungo kale nagusiak zeharkatuko ditu:  Kolon Ibilbidea, Gipuzkoa eta Nafarroa etorbideak, besteak beste. Comarca Aldea kirol-klubak Irungo Udalarekin batera bultzatzen duen ekimen horren irabazien zati bat DOA Gobernuz Kanpoko Erakundearentzat eta Bidasoa K.E.arentzat izango dira. Era berean, lasterketan izena ematen duten guztiek txartel bana izango dute Kale Nagusiko hainbat tabernatan “pintxo-pote” batez gozatzeko. Horretaz gain, lasterketa amaitzean, Deportes Gonzálezek kirol materialen zozketa egingo du parte-hartzaile guztien artean.
Lehendabiziko edizioan Eneko Garin izan zen garaile gizonezkoetan, 19´09″-tan. Bigarren eta hirugarren, berriz, Iñaki Gebrero (19´23″) eta Ibai Alba (19´45″) izan ziren. Emakumezkoetan, Mertxe Bautista (24´44″), Olatz Zabala (25´41″) eta Marisol Martinez (25´50″) igo ziren podiumera. Lehendabiziko edizioak 300 bat korrikalari erakarri zituen eta arrakasta itzela izan zen. Hala ere, antolatzaileak ez dira horrekin konformatzen eta aurten 500 korrikalarien kopurua erdietsi nahi dute. Beraz, korrika egitea atsegin baduzue, ez bitan pentsatu eta izena eman Irungo Gaueko II. Herri Lasterketan!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude