Txingudi Errugbi klubeko neskak zelaira itzuliko dira asteburu honetan

Argazkiak (La Unica): Txingudiren emakumezkoen taldeak Iruñan jokatutako partidaren irudia

Hitzorduz beteriko asteburua eskualdeko errugbizaleentzat. Larunbat honetan, Txingudi rugbyren emakumezko taldeak bere aurtengo bigarren lagunartekoa jokatuko du, oraingoan Mungiako Atxurizubi zelaian talde mungitarraren aurka, 12:30etik aurrera. Maider Aizpuruak eta Asun Gamindez prestatzaileek hogei bat jokalari izango dituzte norgehiagoka hau jokatzeko prest.

Emakumezkoen taldea osatzeko proiektuaren mugarri berria izango da hau eta, klubetik azpimarratu dutenez, urtarrilean Iruñean izandako estreinaldiak taldea sendotu eta jokalari berri gehiago erakartzeko aukerak eman dizkie.

Larunbatean ere, 16:00etatik aurrera, gizonezkoen taldea izango da lehian, oraingoan Plaiaunditik urrun. Iñigo Camarero eta Alejandro Lasaren mutilek Gasteizera bidaiatuko dute Gaztedi Bri aurre egiteko. Arabarrak hirugarrenak dira sailkapenean Zaisa Txingudiren atzetik 6 puntuko aldearekin. Bidasoarrek garaipena eta bonus puntu bat lortuz ligako bigarren postua matematikoki lortuko lukete. Horretarako, irabazteaz gain, lau entsegu lortu behar dituzte.Iñigo Camarerok nabarmendu duenez “erronka zaila dugu Gasteizen, baina ez da ezinezkoa. Joaneko partidan 27 eta 19 irabazi genuen, baina dexente kosta zitzaigun, 50. minutuan atzean gindoazen markagailuan eta azkeneko minutuetan burua hotz mantentzeak egoera iraultzea lagundu gintuen”.

Sub 14 taldeak ere partida izango du larunbatean, 15:00etan, Hernaniko Landare zelaian B multzoko liderraren aurka, Hernani B/Atlético San Sebastian. Txingudiko gazteek puntuak lortu behar dituzte goiko postuen borrokan jarraitu nahi badute.

Azkenik, rugby eskolak igandean 10:30ean bidaiatuko dute Arrasatera bertako taldea, Zarautz, Beltzak, Bera Bera B eta Riojarekin jokatzeko.

Sub 18k ez zuen aukerarik izan pasa den astean

Pasa den asteburuan, Uribealdea/Txingudik nabarmen galdu zuen Gernika/Arratikoren aurka jokatutako partidan. Lehenengo zatia parekatua izan bazen ere, etxekoek entsegu batekin ireki zuten markagailua eta aldea beste hiru puntutan handitu zuen (8-0). Atsedenaldiaren ondoren, beste hiru marka eta eraldaketa bat lortu zituzten 25 eta 0eko emaitza lortuz.

Beteranoen omenezko ekitaldiak, larunbatean ere

Kiroletik harago, errugbi elkartearen kideek jai giroan ibiliko dira ere larunbat honetan. 11:00etan Plaiaundira gerturatzen diren guztiek tokata bat jokatu ahal izango dute, ohiko hirugarren denborarekin amaituz. Eguerdian, Gabiria jatetxean jarraituko du jaiak eta bazkalostea Txingudi Rugby Tabernan amaituko da, Irungo erdigunean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude