Asteazken honetan Obretako ordezkari Cristina Labordak jakinarazi duenez, jadanik zabalik dago Diana kaleko aparkamendu berria. Aparkalekuak Miguel de Anbulodi kalean du sarrera. Jarduketarako aurrekontua 130.000 eurokoa izan da, eta enpresa esleipenduna, URBYCOLAN SL.
Auzotarrekiko bileren fruitua da, eta, udal ordezkariak nabarmendu duenez, “denbora luzea daramagu lanean. IRUNVIk beharrezkoak ziren lurrak laga ditu, eta, horrela, ekimen honi esker, beren ibilgailuak errazago aparkatzeko aukera emango diegu auzotarrei”.
Obra-proiektua amaitua dago, eta argi-puntu berriak instalatzea falta da bakarrik, aurreikuspenen arabera hilabete bukaeran egingo dena.
Esku-hartzearen deskribapena
Behin-behineko proiektua da, izan ere, Txenperenea eremuan etorkizunean egingo diren lanek eraiki berri den aparkalekuan eragina izango baitute. Xedea auzoan aparkatzeko dauden arazoei erantzutea da eta, horretarako, gutxi gorabehera 46 toki gehiago eta motorrak aparkatzeko gune bat gehitzea lortu da. Ekimena auzotarrekin egindako bileren fruitua da, 3 hileko exekuzio epea izan dituena.
Hegoaldean zeharka aparkatuko dira autoak, eta iparraldean ilaran. Erdialdean bi errei egongo dira, 5,50 m zabal guztira, sarbidea Miguel de Ambulodi kaletik egiten da, eta amaieran irteerarik gabeko bide bat dago. Bertan, sigi-sagako marka batzuk jarriko dira eta ezingo da aparkatu. Zabalera 10 m eta 12,5 m artekoa da, eta 10 m luze, norakoa aldatzeko. Zeharka aparkatzeko guneak 2,50 m zabal eta 5,00 m luze dira, eta ilaran aparkatzekoak 5,00 m luze eta 2,00 m zabal.
Aparkaleku honi esker, auzoak ibilgailu arruntentzako 46 toki, motorrentzako 5,00 m x 5,00 m-ko gune bat eta mugikortasun murriztuko pertsonek aparkatzeko toki bat irabaziko ditu. Gainera, bizikletak uzteko eremu bat ere instalatuko da. Oinezkoak Miguel de Ambulodi kaletik sartu ahalko dira aparkalekura, zirkulazio-erreitik bertatik, edo bestela Diana kalearen atzeko aldetik. Edonola ere, aparkalekuaren sarreran oinezkoen lehentasuna adierazteko seinale bat jarriko da, eta abiadura 10 km/h-ra mugatuko da. Jarduketak 130.000 euroko aurrekontua du, eta enpresa esleipenduna URBYCOLAN SL izango da.
Teodoro Murua
Obretako Arloak gogoan zuen beste jarduketa bat Teodoro Murua kalean 20 zenbakitik aurrera Artiako futbol zelaiaren eta parkingaren sarreratik gertuen dagoen aldeko espaloia hobetzea zen, eta, horretarako, 151.357,27 euroko aurrekontua zuen. Bada, lanak bukatu berri dira.
Cristina Laborda Obretako ordezkariak gogorarazi duenez, 2022an, beste hobekuntza lan batzuk egin ziren kale berean, “pixka bat beherago, 5 eta 11 zenbakien artean, Europaren laguntzak baliatuz. Horrelako lanei esker, irisgarritasuna hobetzen dugu, espaloiak zabalduta batez ere, eta gabeziak dituzten puntuak konpontzen ditugu. Gainera, kasu honetan, Artiako auzo elkartearen eskari bati erantzun diogu”, azaldu du Obretako ordezkariak.
Bukatu berri den jarduketaren esparruan, espaloia zabaltzeaz gain, argiztapenean esku hartu da, kanalizazioak berrituta eta lehen zeuden argien ordez LED teknologia darabiltenak instalatuta.