Hauek dira 2023an gauzatuko diren lehen obra-proiektuak

Urte berriarekin, Irungo Udalak datozen hilabeteotan egingo diren obra-proiektuen berri eman nahi die herritar guztiei. Obretako ordezkari Cristina Labordak adierazi duenez, “2022. urtea intentsitate handikoa izan da, hainbat jarduketa bukatzen joan baikara, eta urte berria antzekoa izatea nahi dugu. Proiektu gehiago gauzatzeko asmoa dugu, handiak zein txikiak, auzo elkarteekin elkarlanean Irungo auzoetako biztanleen beharrei erantzuteko betiere: abian ez daudenak laster jarriko dira martxan”.

Miguel de Ambulodi kaleko aparkalekua: Proiektua behin-behinekoa da, partzela taxutzeko ikusteko baitago nola garatuko den Txenperenea. Auzoko aparkamendu arazoak konpontzen laguntzea du helburu, eta, horretarako, ibilgailuentzako 46 bat toki eta motoak aparkatzeko eremu bat proposatzen ditu. Lanak egiteko aurrekontua 130.000 euro da, eta obra gauzatzeko epea, 3 hilekoa. Hegoaldean ibilgailuak zeharka aparkatu beharko dira, eta iparraldean, aldiz, ilaran. Miguel de Ambulodi kaletik sartuta, erdiko bi errei izango ditu aparkalekuak, 5,50 metroko zabalerarekin. Amaieran ezingo da aparkatu, eta hori markatzeko sigi-sagako marrak jarriko dira. Zabalera aldakorra izango dute (10-12,5 m) eta 10 m inguruko luzera, norakoa aldatzeko maniobretarako. Zeharkako aparkalekuak 2,50 m zabal eta 5,00 m luze dira, eta ilarako aparkalekuak 5,00 m luze eta 2,00 m zabal dira.

Oinezkoen sarbideari dagokionez, Miguel de Ambulodi kaletik sartu ahalko dira, zirkulazio-erreietik beretik, edota Diana kale atzeko espaloitik. Edonola ere, aparkalekuaren sarreran oinezkoek izango dute lehentasuna, eta seinaleak jarriko dira hori adierazteko eta abiadura 10 km/h-ra mugatzeko. Aparkaleku honi esker, auzoan 46 plaza gehiago egongo dira ibilgailu arinentzat, 5,00 m x 5,00 m-ko espazio bat motorrentzat, eta aparkatzeko plaza bat mugikortasun urriko pertsonentzat.

– Semaforoak instalatzea Andrearriagako bidean: Andrearriagako bidea deitzen zaio GI-2134 errepideari Kateako biribilgunetik Oiartzungo Gurutze auzora bitarteko zatian. Bide horretan, zehazki GI-2134 errepidearen +7.050 PKn, Bidaurre-Ureder industrialdearen sarbidea dago. Bidegurutze horretan trafiko handia egoten da, eta tamaina askotako ibilgailu asko pasatzen dira bertatik, batik bat astean zehar eta lanorduetan. Ez da oso ondo ikusten, ibilgailuak bizkor joaten dira, trafiko handia dago eta ibilgailu handiak dira gainera. Hori guztia dela eta, bidegurutze arriskutsua da. Horregatik, beharrezkotzat jo da semaforoak instalatzea. Aurrekontua 70.000,00 €-koa da, eta exekuzio-epea, 2 hilekoa.

Teodoro Murua kaleko espaloia hobetzea: Obra arloak arazoren bat duten hiriko oinezkoentzako ibilbide edo loturak identifikatu ditu (adibidez, zoladura egoera txarrean egotea, argiztapen eskasa izatea, espaloi estuegiak edo dagoeneko existitzen diren ibilbideak lotzeko bide-zatiak edo zebrabideak faltatzea). Hobetu daitezkeen eremu horietako bat Artia auzoan dago, zehazki, auzoko futbol-zelaira eta bertan dagoen aparkalekura sartzeko balio duen Teodoro Murua kalearen zatian. Oinezkoen espaloia zabaldu nahi da, baina ezin zaio galtzadari lekurik kendu, zirkulatzeko bi norako ditu eta. Horrela, ezponda aldera zabalduko da espaloia, hormigoizko baranda kenduta eta estuago den beste bat jarrita. Argiteriari dagokionez, kanalizazioak berrituko dira eta LED teknologia duten argiak jarriko dira. Obren aurrekontua 151.357,27 eurokoa da, eta 3 hilabeteko exekuzio-epea du proiektuak.

Proiektu gehiago

Hona hemen datozen asteetan abian jarriko diren proiektuen xehetasunak:

1.- Kateako Pump track-a: Pump trackak ondulazio biribilez hornitutako inertzia-zirkuitu zirkularrak dira, eta maila guztietako erabiltzaileentzako aproposak dira. Akabera asfaltozkoa da. Horrela, bizikletak, patinak, monopatinak eta mikropatinak sar daitezke, eta gurpilei ondo eusten die, baita lurra bustia dagoenean ere. Akabera horrek instalazioa egoera onean dagoela bermatzen du, eta mantentze-lanen beharra murrizten. Proposatutako instalazioak 3 zirkuitu ditu, maila desberdinekoak. Horrela, erabiltzaileek aurrera egin ahalko dute ikasi ahala, oinarrizko mailatik profesionalera. Katea auzoan egingo da instalazioa, 376.461,09 €-ko aurrekontuarekin eta 3 hilabete eta erdiko exekuzio-epearekin, lanak hasten direnenetik aurrera zenbatuta.

2.- Larreaundiko azpiestazioko partzela berreskuratzeko obrak: Proiektu honen xedea Iberdrolak Larreaundin zeukan azpiestazio zaharraren partzela berreskuratzea da. Horretarako, haurrentzako jolas-eremu bat (550 m2) eta aisialdirako eremu bat (165 m2) eraikiko dira, kota desberdinetan dauden bi egonleku sortuta, inguruaren orografiara egokitzeko. Obren aurrekontua 339.621,26 eurokoa da, eta 5 hilabeteko exekuzio-epea du proiektuak.

3.- Egungo bidegorriak hobetzea eta zoladura berritzea: Irungo Udalak antolatutako 2022ko aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan, boto gehien lortu zutenen artean geratu zen bidegorriak hobetzeko proposamen bat, hondatuta dauden zatiak berrikusteko eta horiek hobetzeko. Proposamena Udalaren aurrekontuetan sartu zen. Proposamenaren arabera, hiriko bidegorriak aztertu dira, zoladuraren egoera zein den ikusteko eta antolamendu hoberako aukerarik ba ote dagoen baloratzeko. Horrela, egoera txarrean dauden bidegorrien zoladura berrituko da, eta trazadura hobetu daitekeela ikusi denetan, lan horiek ere egingo dira, zoladura berritzeaz gain. Bidegorri hauetan gauzatuko dira hobekuntzak: Ricardo Alberdi kaletik Antonio Valverde kalera doan bidegorria eta horren jarraipena, Artia kanalaren ertzetik Juan Luis Seisdedos kaleko bidegurutzeraino; Alai Txoko parkeko bidegorri zatia; eta Meakako bidegorriaren zati bat, Borda-Txikitik Meaka 92.eko sarbidearen bidegurutzeraino. Aurrekontua 129.909,28 eurokoa da, eta exekuzio-epea, 2 hilekoa.

6.- Harrobietako parkeko jolastokiaren berrikuntza: Harrobieta parkeko jolastokia goitik behera birgaituko da, haurrentzako jolasak eta kalisteniako instalazioak berritzeko. Horrela, inguruaren estetikari balioa emango zaio eta drainatzea eta argiteria hobetuko dira. Lan horiek egiteko, hiriko haur-jolastoki inklusibo berri bat sortuko da. Bertan, haur guztiek jolastu ahalko dute, beren gaitasunak edozein izanik ere, eta haien arteko bizikidetza eta interakzioa sustatuko da. Premisa horren arabera, kautxuzko lurzorua instalatuko da erdialdean, eta adin eta gaitasun guztietako haurrentzako jolas-elementuak jarriko dira bertan. Gainera, ipar-ekialdeko aldean kalistenian eta mahai-tenisean aritzeko kirol-espazio bat sortuko da. Obren aurrekontua 195.476,27 eurokoa da, eta 4 hilabeteko exekuzio-epea du proiektuak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude