Irungo Udaleko Obra arloak jakinarazi duenez, Diana kaleko behin-behineko aparkalekua egiteko proiektu teknikoa onetsi du. Elitxu-Lapize auzoan dago, eta sarbidea du Miguel de Ambulodi kaletik. Partzela Irunvi Irungo Etxebizitza Publikoko Sozietatearena denez, erakunde horren administrazio-kontseiluak lurzoruen lagapena baimendu behar izan zuen.
Ekimena auzotarrekin izandako topaketen emaitza da eta, Cristina Laborda Obretako ordezkariak nabarmendu duenez, «denbora bat daramagu gaia lantzen; Irunvik lurzorua laga digu, eta hori beharrezkoa zen, eta orain funtsezko urrats bat egingo dugu proiektu hau lehenbailehen gauzatu dadin, proiektua lizitatuta eta, geroago, esleituta». Bestalde, Mugikortasun arlotik, Borja Olazabal ordezkariak adierazi zuenez, “jarduketa honen bidez, inguruko bizilagunek beren ibilgailuak errazago aparkatu ahal izango dituzte”.
Proiektua behin-behinekoa da, partzela Txenperenea eremuan etorkizunean egingo den garapenean sartuta baitago, eta auzo horretan dauden aparkatzeko zailtasunak arintzea da haren helburua. Horretarako, 45 plaza inguru eta motorrentzako eremu bat eraikiko dira. Obrak gauzatzeko aurrekontua 130.000 eurokoa da.
Teodoro Murua
Obra arloak badu beste proiektu bat ere esku artean: Teodoro Murua kaleko espaloia hobetzea, Artiako aparkalekuaren eta futbol-zelaiaren sarreratik gertuen dagoen eremuan (20.etik aurrera). Proiektuaren lizitazioa onetsi da, 151.357,27 euroko aurrekontuarekin.
Obretako ordezkariak gogora ekarri duenez, kale zati berritu horri urtearen lehen seihilekoan egin diren hobekuntzak gehitu behar zaizkio, «pixka bat beherago egin ziren, 5. eta 11. atarien artean, Europako funtsak erabilita. Lan horiei esker, irisgarritasuna hobetuko da, espaloiak zabalagoak izango baitira, eta arazoak dituzten puntu batzuk konponduko dira», azaldu du Cristina Labordak.