Belartzako parking estalia eraikitzeko lanak hasi dira

Astelehenean hasi ziren Belartzako parking estalia eraikitzeko lanak. Lehen urrats horiek bertatik bertara ikusteko Artia auzora hurbildu dira gaur Cristina Laborda Irungo alkatea eta Jon Ugarte Obra, Mantentze Lan eta Azpiegituretako ordezkaria.

Komunikabideekin batera egindako bisitan, alkateak nabarmendu duenez, inguruko auzotarrentzat aldaketa handia ekarriko du jarduketa honek. Alkatearen hitzetan, “aparkatzeko arazoak arintzeaz gain, elkarrekin egoteko eta aisialdirako espazio bat ere eraikiko da”. Cristina Labordak azaldu duenez, “laburbilduz, eremu honetan bizi direnen bizi-baldintzak hobetzeko ekimen bat da».

Labordak eta Ugartek zuzenean ikusi dute eremuan dagoeneko nabaritzen den lan-giroa. Hasiak dira aurreneko ezartze eta altzari desmuntaketa-lanak egiten, Belartzako aparkalekua errealitate bihur dadin ezarritako epearen barruan.

Lanen egungo egoera

Lanak astelehen honetan hasi dira, urriaren 7an, instalazio lagungarriak jarrita (obra-eremua ixteko hesiak, etxolak, etab.). Aste honetan haur-jolasak eta hiri-altzariak desmuntatzen jarraituko dute eta, geroago, mikropilotaje lanak hasiko dira.

Obraren lehen fase hori otsail erdialdera arte luzatuko da, aurreikuspenen arabera. Exekuzioa hiru azpifasetan planteatu da, egungo aparkalekuei ahal bezain gutxien eragiteko. Aparkalekua egungo egoeran erabili ahal izango da, ia osorik, abendu erdialdera arte. Abendu erdialdetik egungo aparkalekuaren %50 okupatuko da. Urtarril erdialdetik aurrera aparkaleku osoa okupatuko da.

Euste-lanak amaituta, aparkalekuaren zuloa hustuko da, eta eraikinaren egitura osatuko. Segidan, igeltserotza-lanak egingo dira eta instalazioan jarriko dira eta, azkenik, eremua urbanizatuko da (ekipamenduak eta hiri-altzariak instalatzea, etab.).

Proiektuaren xehetasunak

Lanak Parking Belartza ABEEari esleitu zitzaizkion 5.936.230,15 €-ko aurrekontuarekin, BEZa barne, eta 23 hilabeteko exekuzio-epearekin. Obra honi esker estalitako aparkaleku bat egingo da, eta haren azalera urbanizatuko da jolas- eta kirol-erabilerarako, parkea eremu publiko gisa hegalera luzatuta, Berroeta margolaria, Zurbaran eta Pio Baroja kaleen artean.

Hiru solairuko parking bat izango da: Lurpean bi solairu, eta hirugarrena, Belartzako hegaleko maldaren erdialdean. Hiru altuerako aparkalekua izango duen partzela osoan, aparkatzeko 169 toki egingo dira: 69 toki -2 solairuan, 67 toki -1 solairuan, 33 toki sarbideko solairuan, motorrentzako 8 toki, bizikletak gordetzeko bi gela eta mantentze-lanetako gelak eta instalazioak maila guztietan.

Aparkalekurako sarbidea Berroeta margolaria kaletik proiektatuko da, eta irteera Zurbaran kaletik izango da. Horrela, Irungo nahiz Irundik kanpoko norabide gehienetan mugimendua arinagoa izango da, erosoagoa eta berehalakoagoa izango baita.

Bi gune sortuko dira, oinezkoak lurpeko aparkalekura sartzeko eta handik ateratzeko, eraikin eta saltoki gehien dagoen lekuetatik gertu, partzelaren perimetroan eta haren bi muturretan. Igogailu bat instalatzea ere aurreikusten da, aparkalekuaren eta lur gaineko eremuaren arteko irisgarritasuna bermatzeko.

Lur gaineko eremua bi zatitan banatuko da, maila desberdinetan. Estalki osoa aisialdirako erabiliko da, eta, bertan, hainbat gune sortu ahalko dira, hala nola haurrentzako parke bat eta kirol instalazioak (saskibaloi kantxak, erabilera anitzeko guneak, ping-pongerako mahaiak, parke bio-osasungarriak…). Horrela, auzotarren topagune bihurtuko da aparkalekuaren gainaldea, eta Belartzako mendi hegal berdea luzatuko du.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude