
Pasatutako asteburua ez da batere gozoa izan Txingudiko harrobiko taldeentzat. Alde batetik, 18 urtez azpiko Gabiria Txingudi/Baztan taldeak jipoia jaso zuen etxean Uni Bilboren aurka (7-100); bestetik, sub 16 taldeak modu mingarrian galdu zuen Gasteizen, azken jokaldian garaipenak ihes egin ostean (28-26).
Kolpe gogorra 18 urtez azpiko taldearentzat
18 urtez azpiko Gabiria Txingudi/Baztan taldeak ez zuen aukerarik izan Uni Bilboren aurka. Bilbotarrek lehen minututik erakutsi zuten beraien nagusitasuna, eta etxekoen defentsa sendoak hamar minutu besterik ez zuen iraun. Hamargarren minutuko entseguak indarrak eman zizkien bisitariei eta irundar-baztandarren animoak lurretik rera bota zituen. Honela, atsedenaldirako markagailua 0-62koa zen jada.
Bigarren zatian, etxekoak jokoa ordenatzen saiatu ziren eta 50. minutuan ohorezko entsegua lortu zuten Juan David Mayaren eskutik, Kemen Sagarzazuk eraldatuta (7-67). Alabaina, azken hogei minutuetan bilbotarrak jaun eta jabe izan ziren berriro, beste 33 puntu gehituz amaierako 7-100ekora iritsi arte. Hurrengo partida maiatzaren 9an jokatuko dute La Unicaren zelaian.
16 urtez azpikoak garaipenetik oso gertu
Zorte txarragoa izan zuen 16 urtez azpiko Txingudi/Baztan/Orereta taldeak Lakua zelaian. Gaztedi indartsuaren aurka partida bikaina jokatu arren, 28-26 galdu zuten azken unean. Victor Sintesen bi entseguk eta eraldaketa batek aurretik jarri zuten taldea, baina atsedenaldiaren atarian gasteiztarrek buelta eman zioten (13-12). Gainera, Justin Duartek txartel horia jaso zuen, taldea hamar minutuz bat gutxiagorekin utziz.
Bigarren zatian, emozioa izan zen nagusi. Antton Bigoten eta Giovani Ciurarren entseguen ondoren, beltz eta txuriek markagailua irauli zuten (25-26) amaierarako hamabi minutu falta zirenean. Garaipena gertu ikusten zen, baina azken minutuetako zigor kolpeek eta Jonathan Guerreroren txartel horiak aukera eman zioten Gaztediri. Azken segunduetan, epaileak errepikarazitako zigor kolpe baten bidez, gasteiztarrek behin betiko 28-26koa ezarri zuten. Porrot honekin, bosgarren postua jokoan izango dute maiatzaren 9an Hiruherriren aurka.
Eskola eta Tokata
Albiste onak errugbi inklusibotik eta harrobi txikienetik iritsi ziren. Tokata taldeak (plakajerik gabeko errugbia) Senpereko txapelketan parte hartu zuen larunbatean, eta hurrengo hitzordua Logroñon izango dute maiatzaren 9an.
Bestalde, Eskolako taldeek topaketa arrakastatsua izan zuten Errenteriako Mikel Odriozola estadioan. Gipuzkoako Federazioak antolatutako saio honetan, Orereta, Bera Bera, Ordizia, Iruña eta Arrasateko taldeekin batera errugbiaz gozatzeko aukera izan zuten gaztetxoenek.



