Bidasoa Xake Klub berria: eskualde mailan kirola praktikatzeko beste aukera bat

Bidasoa Xake klubaren izenak adierazten duenez, Bidasoa eskualdean xakea erakutsi eta praktikatzeko helburuarekin sortu den kirol elkarte berria da. Klubak Hondarribiko Klink elkartean eta Irungo Palmera Montero gunean emango ditu xake klaseak maila eta adin desberdinetako ikasleei zuzendurik. Gainera, kluba eta xakearen inguruko ifnormazio gehiago zabaltzeko www.bidasoaxake.com webgunea martxan jarri dute.

Bidasoa Xake klubak bi lokal baliatuko ditu bere jarduera eta ikastaroak aurrera eramateko. Lehena Irungo Palmera Montero eraikina izango da, Irungo Udala eta Mondragon Unibertsitatearen arteko lankidetzari esker eskuratu dena. Bigarrena, berriz, Hondarribian kokatuta egongo da, zehazki, Klink elkartearen lokalean.

Bidasoa Xake Klubeko kideek azaldu dutenez, oso pozik daude Klink elkarte pribatuak klubaren eskakizunari eskuzabaltasun handiz emandako erantzunarekin. Andoni Ordube, elkarteko zuzendaritza batzordeko kide eta irakasleak azaldu duenez, “eskualdeko edozein bazterretan xakera jolastu ahal izateko erraztasunak eman nahi ditugu”.

Klub berriaren jarduera ezagutzera emateko asmoz, iraileko asteetan zehar hainbat jardunaldi ireki antolatu dituzte. Jardunaldi ireki horiek Hondarribiko Klink elkartean egin dira astelehenetan 17:00etatik 19:00etara. Irungo jardunaldi irekiak, berriz, Palmera Montero espazioan egin dira astearte eta asteazkenetan 17:30etatik 19:30etara.

Klub berriaren eraketa ezagutzera eman aurretik klubak 20 kide baino gehiago eta 30 ikasletik gora bildu ditu jada. Horrela, datozen hilabeteetan zehar jende berria erakartzen jarraitzeko asmoa dute. Horretarako, www.bidasoaxake.com webgunean klubarekin loturiko informazio guztia ipini dute, Gipuzkoa mailako edo Txapelketa ofizialen inguruko informazioarekin batera.

Bidasoa Xake klubak xake eskolaren bitartez askorentzat ezezaguna izan daitekeen kirola ezagutzera eman eta xakea praktikatzen hasteko aukera eskainiko du. Hortik aurrera, eskola-umeei zuzendurik egongo diren ikastaroez gainera, helduentzako ikastaroak eskeiniko dira ere.

Taldeak jokalarien mailaren arabera bereiziko dira, hau da, jokalari berrien taldeekin hasi eta lehiaketak prestatzeko helburua duten taldeetaraino. Guztira, haurrentzako taldeak 4 maila ezberdinetan banatuko dira eta helduentzat pentsatutakoak 3 taldeetan. Horretarako, esperientzia handia duten 6 monitoreen laguntza izango dute ikasleek.

Eskolen ordutegia klubaren webgunean kontsultatu daiteke. Oscar Diez Bidasoa Xake Klubeko zuzendaritza batzordeko kidea eta irakasleak azaldu du, eskola orduez gainera, ordu batzuetan zehar instalakuntzetako ateak libreki zabalik edukitzeko asmoa dutela, era honetan, klubeko kideek nahi dutenean xakera jolasteko aukera izan dezaten.

Bestetik, ikasleen formakuntzari dagokionez Oscar Diezek azaldu du, “Step izena duen metodo holandarra garatzen duen liburu batean oinarrituko gara ikasleen formakuntzarako”. Liburuak haur eta helduen formakuntzarako baliagarria izan daiteken informazio biltzen du, bertan hasiberrien mailatik lehiaketa mailarainoko estrategiak lantzen direlarik.

Eskualdean xakea bateratzeko beharra
Uztailean eskualdean xakera jokatzeko ohitura duten lagun talde batek Bidasoa eskualde mailan xake klub bat eratzeko beharra ikusi zuen. Behar hori erantzuteko helburuarkein sortu zen Bidasoa Xake kluba, hain zuzen ere, Bidasoa eskualdeko xake jarduera eratu, antolatu eta garatu ahal izateko. Bidasoa Xake Klubeko kideek azaldu dutenez, klubaren eraketa aurrera eraman ahal izateko Servos eta Laboral Kutxa babesleen laguntza ezinbestekoa izan da. Gainera, Borja Olazabal Irungo Udaleko kirol ordezkariak azaldu duenez, azkenaldia beste kirolek eskutsi digutenez beti positiboa da Irun eta Hondarribia eskutik helduta lan egitea.

Xakearen onurak
Xakea kirol ezberdina izateaz gainera, haur zein helduei onura ugari ekar diezaieken kirola da. Izan ere, xakeak arreta eta kontzentrazio gaitasuna hobetzen lagunduko die, etengabe pentsatu behar diren estrategien bitartez pentsaera egituratuko duten bitartean.

Gainera, harreman sozialak eratu, beste pertsonekin komunikatu eta porrotak gainditzen ikasteko lagungarria izan daiteke kirol mota hau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude