José Antonio Santano Irungo alkateak, Miguel Angel Páez Hirigintzako ordezkariak eta Rebeca Gonzalez Etxebizitzako ordezkariak astelehen honetan bisitatu dituzte, IRUNVIko zuzendari Idoia Yarzarekin batera, IRUNVIk Alarden sustatzen dituen etxebizitza publikoko bi blokeak eraikitzeko lanak.
“Azkenaldian, IRUNVIk erabaki garrantzitsuak hartu ditu, eta horiei esker, alokairuko etxebizitza publikoarekin garatu nahi genituen hiri-eremuak garatzen ari dira. Duela egun batzuk, San Miguel-Anakaz hitz egin genuen, eta, gaur, bereziki Alarde eremuaz; izan ere, bertan, hilabete gutxi barru alokairuko berrogeita hamar bat etxebizitza prest izango dira, eta funtsezko urrats bat da Irungo etxebizitza publikoaren parkeak hazten jarrai dezan”, adierazi du alkateak.
Bisita babes ofizialeko 42 etxebizitzen eraikinean hasi da, Elizatxo hiribideko biribilgunearen parean. Hango obraren % 90 egina dago, eta bertan ikusi da sustapena nola garatzen ari den; hain zuzen, dagoeneko, azken fasean dago.
Bisitaldiak Alarde kaleko 10 etxebizitzako eraikinean jarraitu du, Lapitze kalearekiko izkinan. Obraren % 60 egina dago, eta Santanok higiezinaren nobedadea nabarmendu du: “eraikin berezia da, eta bat dator azkenaldian hainbeste aipatzen ditugun ingurumen-erronkekin eta energia aurreztearekin. Eraikinaren ezaugarrietan egindako hasierako inbertsioari esker, jasangarritasun handiagoa lortuko da, eta kontsumo-gastuak ere nabarmen murriztuko zaizkie eraikineko bizilagunei”.
Nabarmentzekoa da Hirian Passivhaus sistemaren baldintzak beteko dituen lehen eraikuntza dela. 90eko hamarkadan Alemanian garatutako eraikuntza jasangarriko eredu bat da, eta energia-efizientzia handiagoa izatea eta kontsumoak minimizatzea du helburu. Etxebizitza horien proiektua garatzeko erabili den Passivhaus estandarrak berokuntza- eta hozte-kontsumoan aurrezteko aukera emango die bizilagunei, ohiko etxebizitza batean baino % 75 gutxiago gastatuko dute eta. Horrelako etxebizitza baten oinarrizko energia garbiaren kontsumoa, asko jota, 15 kWh/m2 izango da urtean. Ekimenak EH Bilduk sartutako zuzenketa bat jaso zuen.
Alokairu-erregimeneko babes ofizialeko 52 etxebizitzak aurtengo udarako amaituta egon daitezkeela aurreikusten da.
Joan den asteazkenean onetsi zituen IRUNVIko Administrazio Kontseiluak alokairuko babes ofizialeko 52 etxebizitza horiek esleitzeko deialdia eta oinarriak. Sakatu esteka honetan informazio gehiagorako.
Deialdia eta oinarriak IRUNVIren webgunean argitaratuta daude joan den ostiraletik. Eta haiekin batera, argibide batzuk ere jaso dira galdera-erantzun moduan, herritarrek hobeto uler dezaten.
Esleipen-prozesuan parte hartzeko izena emateko epea hilabetekoa da, deialdia eta oinarriak EHAAn argitaratzen direnetik hasita.
“IRUNVIko Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan” izena emanda daudenek ez dute berriz izena eman beharrik, betiere oinarrietan jasotako baldintzak betetzen badituzte. Horiek zuzenean sartuko dira esleipen-prozesuan, baina norbaitek datuak erregistroan eguneratu gabe baldin baditu, deialdia argitaratu eta hilabeteko epe horretan egin behar du.
“IRUNVIko Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroko” izen-ematearen datuak telematikoki egiazta daitezke egoitza elektronikoaren bidez edo IRUNVIren bulegoetan, bertara joanda (Eliza karrika 6).