Nazioarteko Errugbi Eskolen Topaketa antolatuko du Txingudi Errugbi Taldeak Irungo Errugbi Egunean

Bi hitzordu garrantzitsu izango dituzte eskualdeko errugbizaleek apirilaren 15ean; goizean, jatorri ezberdinetako 8 rugby eskolek euren artean jokatuko dute Plaiaundin eta, bazkalostean, Irungo erdigunea hartuko dute.

Goizean goiz hasiko da “Txingudi Badia Nazioarteko Errugbi Topaketa” izenarekin eskualdeko rugby klubak prestatutako egitaraua Plaiaundin. Bertan, 10 eta 12 urtez azpiko mailetako zortzi talde bilduko dira laurehun bat pertsona bilduko dituen errugbi eskolen topaketa handian. Aurtengo gonbidatuek, Baztan Menditarrak (Nafarroa), Soragazteak (Gipuzkoa), Sarako Izarra (Lapurdi), Emak Hor Arrangoitze-Basusarri (Lapurdi), RC Rioja (Errioxa), RGC Covadonga (Asturias) eta Rugby Unión Norte (Kantabria), etxeko taldearekin batera eta denak-denen aurka formatuan, 7 minutuko partidak jokatuko dituzte.

“Pozik gaude horrelako ekimena bultzatzeaz, gure eskoletako jokalari eta trebatzaileentzako egundoko esperientzia izango dela ziur gaude” nabarmendu du Iñigo Aizpuruak, Txingudiko eskolako zuzendariak. “Jatorri hain ezberdinetako klubak bilatu ditugu bai jokalariek zein guraso edo eskolako partaideek beste errealitateak eta lan egiteko moduak ikus ditzagun. Txikiek ondo pasatzeaz harago, topaketa honek ekarpenak egingo dizkigula uste dugu”.

Partiden ostean, parte-hartzaile guztiek saria jasoko dute eta hirugarren denbora eskainiko die mugako taldeak. Gainera, hura dastatzen duten bitartean, beste norgehiagokaz gozatu ahal izango dute, Txingudiren sub 16ak Uribealdea jasoko baitu etxean 14:30etatik aurrera.

Txingudiko gazteak

Pachi” Garciaren neska-mutilek ondo hasi zuten ligako azkenengo fasea bi garaipen lortuz lehenengo konpromisoetan. Hala ere, Mungian hirugarren jardunaldian izandako porrotak gaur arte diharduen bolada negatiboa hasi zuen eta orain multzoko azkenengo postuan daude kokatuta, Uribealdearekin berdinduta eta Elorrio puntu bateko aldearekin gainetik dutela. Plaiaundin egun horretan izango den giroa haien jokoarentzako bultzada izan dadin beharko dute Txingudiko gazteek.

Arratsaldean, gehiago

Plaiaundiko egitaraua amaituta, arratsaldeko 17:00etan, kalejiran aterako dira parte-hartzaile guztiak Irungo erdigunerantz. Bertan, udaletxearen aurrean jarriko duten rugby zelai txikiaren inguruan, musika, zozketak, jolasak eta hainbat ustekabe izango dira ahariaren klubak antolatu duen egun handian.

Elkartetik gonbidapena zabaldu nahi dute baloi obalaren kirolaren inguruan antolatutako ekimen honetara.

Eki Fanlo

Irungo errugbi-epailea Hong Kongen aritu da pasa den asteburuan World Rugby Sevens serieetako txapelketan, emakumezkoen sei partida zuzenduz oraingoan (Hong Kong-Zeelanda Berria, Estatu Batuak-Japonia, Britainia Handia-Hong Kong, Japonia-Brasil, Hong Kong-Brasil eta Irlanda-Estatu Batuak).

Irudiak: Txingudi Badia topaketaren eta Irun Errugbi Egunaren kartelak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude