Hiriko merkatariek Commerce Lab-ean doan trebatzen jarraitzeko aukera izango dute prestakuntzen bidez

Irungo Udalak, Hiri-bultzada eta Sustapen Ekonomikoko arloaren bidez, merkatarientzako prestakuntza-agenda berri bat aurkeztu du. Helburu hiriko sektore komertziala sustatzea eta trebatzen jarraitzea da. Saioak Commerce Lab Gunean egingo dira (Serapio Mujika kalea, 8), otsailean eta martxoan zehar, eguerditan. Ekainera arte prestakuntza-saio berriak sartuko dira programan, eta informazio guztia webgunean eskainiko da.

Prestakuntzak atal teorikoa zein praktikoa izango du, eta tokiko komertzioarentzat pentsatuta dago. Ikastaroen bidez, komertzioek tresna erabilgarriak eskuratuko dituzte, hobetzen, inguruneko aldaketetara egokitzen eta lehiakortasuna mantentzen jarraitzeko. Tailerrek esperientziak partekatzea eta harremanak sortzea ahalbidetuko dute, halaber.

Kanpaina berri honetan hainbat gai landuko dira, besteak beste: produktuen argazkiak, irudien edizioa, presentzia digitala, WhatsApp Business bezalako tresnen erabilera, Google-ko negozioen fitxa, Instagram-a komertzioentzat, eta emozioen kudeaketa eta estresaren prebentzioa arlo komertzialean.

Nabarmendu behar da profesionalek emango dituztela klaseak. Gehienak Bidasoako eskualdekoak dira, eta esperientzia handia dute komertzioen eta komunikazioaren arloetan: Fernando Vergara , Pixel Diseinua, Gipuzkoako Ganbera, Ane Sanzberro, Giza Faktorea eta Badoa.

Nuria Alzagak, alkateorde eta Hiri-bultzada eta Sustapen Ekonomikoko ordezkariak, honako hau adierazi du: “Commerce Lab gunea hiriko komertzioa sustatzeko gune bilakatu da, eta aukera ezin hobea ematen du elkarrekin ikasteko, partekatzeko eta hobetzeko. Ordezkariak udalak hurbileko prestakuntza praktikoa eta irisgarria eskaintzeko duen asmoa azpimarratu du, komertzioek aurre egin diezaieten egungo erronkei, baliabide gehiagorekin. “Etorkizuna iritsi da, eta tokiko komertzioak digitalizaziora egokitzeko tresnak behar ditu, bere esentzia galdu gabe”, erantsi du Alzagak.

Izen ematea

Ikastaroren batean parte hartzeko, ikastaroaren izena, parte-hartzailearen izena, komertzioa eta telefono-zenbakia bidali beharko dira promocioneconomica@irun.org helbide elektronikora, edo 943 50 53 37 / 943 50 53 35 telefono-zenbakira deitu.

Otsaileko eta martxoko ikastaroak

  • Argazkigintza-tailerra: Otsailaren 17an eta 19an, 13:30etik 15:30era (4 orduko iraupenarekin. Fernando Vergara argazkilariak emango du eta tailer teoriko eta praktikoa, Commerce Lab Guneko argazkilaritza-ekipamendua erabiltzen ikasteko.
  • Affinity programaren oinarriak: Otsailaren 24an eta 26an 13:30etik 15:30era (4 orduko iraupenarekin. Pixel Diseinuaren eskutik ikastaro teoriko-praktikoa, irudien edizioko oinarriak ikasteko.
  • Nire presentzia digitalaren auditoretza: Otsailaren 25an 13:30etik 15:30era ( 2 orduko iraupenarekin). Gipuzkoako Ganberaren eskutik, komertzioaren presentzia digitalari buruzko auditoretza, ingurune digitalean duen jarduna profesionalizatzeko.
  • WhatsApp Business: tokiko negozioentzako tresna: Martxoaren 2an 13:00etatik 15:00etara (ordu eta erdiko iraupenarekin). Ane Sanzberro irakasleak WhatsApp Business profila sortzen eta konfiguratzen lagunduko du: Kudeaketa, hedapen-kanpainak, eta kontaktuen zerrenda handitzeko estrategiak partekatuz.
  • Adimen emozionala komertzioan eta estresaren prebentzioa: Martxoaren 4an, 11n, 18an eta 25ean 13:30etaik 15:30era (8 orduko iraupenarekin). Giza Faktoreak estreseko egoeren kudeaketa eta komertzioari aplikatutako adimen emozionalaren garapena landuko du.
  • Google-eko negozioaren fitxa sortzea eta optimizatzea: Martxoaren 10ean, 13:30etik 15:30era (2 orduko iraupenarekin). Pixel Diseinuak Googlen enpresaren fitxa sortzen lagunduko du, tokiko komertziora egokitutakoa; eta SEO tekniken oinarriak partekatuko ditu.
  • Enpresentzako Instagram: hedapenerako tresna: Martxoaren 23ean eta 24an, 13:30etaik 15:00etara (ordu eta erdiko iraupenarekin). Badoak emango du eta bertan landuko da enpresako profila sortzea edo pertsonalizatzea sare sozialetan, komertziora bideratuta Komunikazio-kanpainak, argitalpenak eta abar.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude