CBAren zabalpen lanak San Juan plazan aurkeztuko dira larunbatean

Irungo Udala CBA zabaltzeko lanetan buru-belarri sartuta dago. Ekipamendu horrek gaur egun Carlos Blanco Aguinaga (CBA) liburutegian ematen diren zerbitzuak eta esperientziak handitu eta osatzeko aukera emango du. Sormena eta kultura garaikidea lantzeko espazio hori herritarren artean ezagutzera emateko askoz, Kultura arloak, Gazteria arloarekin batera, kalera irtengo den aurkezpen bat antolatu du larunbat honetan, martxoak 25, San Juan plazan.

Proposamen horren asmoa da lehen aldiz kontatzea plaza horren azpian zer ari den gertatzen. Aurkezpena zenbait diziplinatako ekimen artistikoen multzo batek osatuko du. Herritarrek parte hartzeko aukera izango dute, eta egun osoan zehar egingo dira. Gainera, berritasun gisa, espazioak etorkizunean nolakoak izango diren irudikatzeko elementuak ere izango ditugu.

Askotariko proposamenak

Goizean, 11:00etatik 13:15etara, bi tailer antolatu dira:  «Esploratuz eta eraikiz», Maushausekin, eta «Udaberria!», Artean Espazioarekin. Bi jarduera horiek artea lankidetzatik sustatzen dute eta publiko guztiei daude irekita, baina familian gozatzeko pentsatuta daude batik bat. Ez da aldez aurretik izena eman behar, eta interesa duen edonor batu daiteke dinamikara, edozein momentutan.

Arratsaldean, 17:00etatik 20:30etara arte, «Udaberria!» tailerraz gain, Artie Escolar DJak soinu-proposamen original bat ekarriko digu. 18:45 aldera, PausoK akademiako dantzariek ikuskizun txiki bat eskainiko dute. Jardunaldia amaitzeko, Jaime de los Ríos eta Imanol Ortiz artisten argi-eskultura ikusgai egongo da 19:30etatik 20:30etara.

CBA berriaren arima

Aurkezpen honetako jarduera artistikoen xedea da San Juan plazara ekartzea edo igotzea CBAren zabalpenak ekarriko duen guztia. Irungo Udaleko Kultura eta Gazteria arloak CBA berria osatuko duten espazioak ikusarazi nahi ditu horrela, bai eta ekipamendu berri horretan landuko diren ildo estrategikoak ere. Kontzertu eta proposamen eszenikoetarako areto bat (Irun Zuzenean); proposamen artistiko garaikideetarako espazio balioaniztun bat (IrekiArt); gazteek edo gazteentzat egindako ekimenak sustatzeko eremu bat (GazteARTEan) eta sormena lantzeko zona bat (Kontenporanea). Martxoaren 25ean (larunbata), espazio bakoitzak ekimen artistiko zehatz bat izango duen arren, guztiak bateratuta egongo dira, elkarlaneko artearen proposamen dinamiko bat eskaintzeko. Hori izango da, hain zuzen, etortzeko dagoen guztiaren hasiera.

JARDUERA-PROGRAMA:

11:00: «Esploratuz eta eraikiz» tailerra. Maushaus arkitektura-tailerrarekin.

Helburua: Kultur espazio guztiak nolakoak izango diren ulertzeko jarduera, horiek esploratzeko eta bertan elkarrekin jolasean aritzeko.

11:45: «Udaberria!» tailerra. Artean Espazioarekin.

Helburua: CBA berria «esnatzen» ari da, lozorrotik «irteten», nola udaberria neguaren ondotik. Loreen ederrak eta koloreak plaza osoa hartuko du, herritarren laguntzari esker.

ATSEDENALDIA

17:00: «Udaberria!» tailerra. Artean Espazioarekin.

17:00: Artie Escolar DJa

18:45: Dantza. PausoK

19:30: Argi-eskultura. Jaime de los Ríos eta Imanol Ortiz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude