2023an Irun Zuzenean jaialdian arituko diren taldeen izenak iragarri dira

Atzo arratsaldean  Bidassoa Basque Brewery artisau garagardo lantegiaren lokalean jai bat antolatu zen Irun Zuzenean jaialdian parte hartuko duten taldeen izenak iragartzeko.  Irungo Udaleko Kultura eta Kiroletako ordezkari Borja Olazabalek eta Get In sustatzaileko kide Iñaki Estévezek Irun Zuzenean Festibaleko kartel osoa aurkeztu zuten  bertan. Jaialdiaren apustu nagusiak, aurten ere, rocka eta indiea dira, eta, gainera, gorantz ari diren zenbait talenturen balioa erakutsiko da. Aurtengo edizioa irailaren 29an eta 30ean izango da, Ficoban, eta talde hauek jardungo dira:

Irailaren 29an, ostiralean:

  • 19:00 SLIM FIT
  • 19:45 MORGAN
  • 21:00 GRISES
  • 22:00 NADA SURF
  • 23:30 SERIAL KILLERZ DJ

Irailaren 30ean, larunbatean:

  • 19:00 SIGLAS
  • 19:45 SHINOVA
  • 21:00 VEINTIUNO
  • 22:00 LA LA LOVE YOU
  • 23:15 INNMIR DJ

Ekitaldia irekia izan zen atzokoa, eta zuzeneko musika ere izan da, Monday Fever gazte irundarrak eta DJ Nerea hondarribiarra aritu baitziren. Horrela, udaberrian egingo diren 0 kilometroko kontzertu akustikoen zikloari hasiera eman zaio –egutegia Udalaren webgunean dago jadanik–.

Izan da beste berrikuntzarik: Bidassoa Basque Brewery garagardo lantegiak propio fabrikatu duen edizio mugatuko garagardoa aurkeztu da, eta, horrela, balio berezia eman zaio arratsaldeari. Gainera, festibalerako bonuak zozketatu dira Instagramen jaiaren argazkiren bat argitaratu eta Irun Zuzenean aipatu dutenen artean. Hain zuzen ere, kontu horren bidez eskuratu daiteke jaialdiari buruzko informazio eguneratua.

Saririk egokitu ez zaienek, berriz, dagoeneko Ticketmaster, Marcaentradas eta Wegow plataforma birtualen bidez eros ditzakete sarrerak, 30 euroan bi egunetarako eta 15 euroan egun bakarrerako, eta, fisikoki, baita Irungo turismo bulegoan ere.

Bide batez, jaiak hiriko zuzeneko musikaren programa nagusietako baten hasierarekin kointziditu du: 0 kilometroko kontzertu akustikoen birarenarekin. Izan ere, Irungo Udaleko Kultura Arloak bertako talentu musikalaren alde egin du berriz ere, eta produkzio xumeko kontzertuak programatu ditu hiriko auzo batzuetako ostalaritza establezimenduetan. Hurrengoa martxoaren 23an izango da,  20:00etan, La Vinotekako terrazan: Onintze, Neox Discovery saria irabazi duen kantautorea, EP berria aurkezten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude