Irungo tabernetan KM0ko kontzertuen bigarren zirkuitu bat egingo da

Juncal Eizaguirre Kulturako ordezkariak Irungo Atsegiñan aurkeztu du astearte honetan Irungo tabernetan egiten diren 0 KM-ko kontzertu akustikoen zirkuituaren bigarren zatia. Programa hau udaberrian hasi zen eta, orduan jakinarazi zen bezala, udazkenean ere jarraituko du, beste establezimendu batzuetan eta beste musika-talde batzuekin, bertako ostalariei, musikariei eta artistei laguntza ematen jarraitzeko.

Ordezkariaren hitzetan, «Irun Zuzenean ekitaldiak zapore goxoa utzi zigun, eta zuzeneko musika sustatzen jarraituko dugu, formatu guztietan, ostalaritzako establezimenduak dinamizatzeko bultzadarekin».

Programazioaren lehen urratsa irailaren 29an egitekoa zen, Rockin Velvet duoaren eskutik, Irun Zuzenean jaialdiaren sarrera moduan, baina azkenean bertan behera geratu zen, eguraldi txarra dela eta. Edonola ere, urriaren 27rako birprogramatu da, Sargia tabernan.

Guztira, sei emanaldi izango dira, ostegunean hasita eta azarora bitarte. Honako hau da programa:

Urriak 6, RASMIGUEL trio akustikoa, Eskina Mosku tabernako terrazan.
Urriak 13, Radio Revel Covers Mari tabernako terrazan.
Urriak 20, Juanjo Slimfit Bohemian tabernan.
Urriak 27, Rockin Velvet Sargia tabernako terrazan.
Azaroak 3, Nuria Culla Altzola tabernako terrazan.
Azaroak 17, Iune Bermejo Irungo Atsegiña jatetxean.
Kontzertu guztiak 20:00etan hasiko dira.

Gogoan izan behar da martxoan eta apirilean 6 kontzertu eman zirela Irungo beste horrenbeste establezimendutan. Parte hartuko zuten taldeen artean, Irungo zenbait talde daude, hala nola Santalla, Peiote de Lanzarote, Cliché edo Oh Soul! Askotariko estiloak lantzen dituzte, eta talde bakoitzak bere emanaldia egokitu behar izan zuen kontzertua egin zen espaziora. Kartela osatzeko, Iker Piris bluesmana eta Oihan, Irungo gurasoak eta aitona-amonak dituen Guille Aragón musikariaren proiektu pertsonala (Arizona Babyko bateria). Azken horrek eman zuen zikloko aurreneko kontzertua.

Sentzazio oso onak
Kultura arloak aurkezpen hau baliatu du Irun Zuzenean jaialdiaren lehen balorazioa egiteko. Get In musika sustatzailearen datuen arabera, ia bi mila lagun joan ziren Ficobara. Juncal Eizaguirrek aurtengo edizioaren balorazio positiboa egin du, jauzi handia izan baita Udalaren Kultura arloak zuzeneko musikaren alde egin duen apustuan, lehen mailako musika-taldeak bildu baititu asmo handiko jaialdi batean.

«Jaialdian izen handiak izan genituen, tokiko talentua, emakumezko artistak… asteburuan, ikusi dugunez, egia bihurtu ziren osagai ugari. Lehen sentsazioak oso onak dira. Giro aparta egon da eta harrera ezin hobea izan du, eta horrek indarra ematen digu bigarren edizioa prestatzen hasteko, dagoeneko guztiz sendotua dagoen formatu honetan».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude