Hiriko bidegorri sare indartu eta hobetzeko lanak egingo dira

Irungo Udalak herritar guztiei jakinarazten die hiriko zenbait bidegorri zati hobetzeko eta zoladura berritzeko proiektua onartu duela, aurtengo aurrekontu parte-hartzaileetako proposamen baten ondorioz, boto ugari jaso zituenez hautatua izan baitzen. Proiektua lizitazio-fasean dago, bi hilabeteko epean egingo da esleitzen denetik, eta 129.909,28 euroko aurrekontua dauka.

Proposamenaren arabera, hiriko bidegorriak aztertu dira, zoladuraren egoera zein den ikusteko eta antolamendu hoberako aukerarik ba ote dagoen baloratzeko. Horrela, egoera txarrean dauden bidegorrien zoladura berrituko da, eta trazadura hobetu daitekeela ikusi denetan, lan horiek ere egingo dira, zoladura berritzeaz gain.

«Bizikleta bidezko mugikortasunean aurrera egitea dakarten lan guztiak dira ongi etorriak. Etenik gabeko lan-ildo bat da: batzuetan, bidegorri berriak egiten dira, eta beste batzuetan, adibidez, gaurkoan, daukagun sarea hobetzera bideratzen ditugu esfortzuak. Helburua berbera da, eta bide horretatik joan nahi dugu», adierazi du Borja Olazabal Mugikortasuneko ordezkariak.

Hauek dira hautatutako bidegorri zatiak: Ricardo Alberdi kaletik Antonio Valverde kalera doan bidegorria eta horren jarraipena, Artia kanalaren ertzetik Juan Luis Seisdedos kaleko bidegurutzeraino; Alai Txoko parkeko bidegorri zatia; eta Meakako bidegorriaren zati bat, Borda-Txikitik Meaka 92.eko sarbidearen bidegurutzeraino.

Azkenik, hobekuntza-lanei dagokienez, gogoan izan behar da uztailean bizikletak garbitzeko gunea ireki zela Ibarlan, hiriko txirrindularien eskariei erantzuteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude