Bizikletak garbitzeko gune berria du Irunek Meaka auzoan

Astelehen honetan, Mugikortasuneko ordezkari Borja Olazabal hirian bizikletak garbitzeko gune berri bat instalatzeko lanen emaitza ikusten izan da, berriki bukatu baitira. Meakan dago instalazio berria, Ibarrola hiribidean, bideko segurtasuna lantzeko pistaren ondoan, eta martxan dago jadanik.

“Txirrindulari batzuek probatu dute dagoeneko”, adierazi du Olazabalek. “Egia esan, eskatu egin ziguten, eta oso leku aproposean dago. Hiriko landa auzoetako bat da Meaka, eta oso ohikoa da txirrindulariak ibiltzea. Horregatik, espero dugu lagungarria izango dela. Dena dela, batez ere, espero dugu behar bezala erabiliko dela”. Ordezkariak nabarmendu duenez, Udala bizikleta bidezko mugikortasuna erraztu eta sustatzeko aurrera eramaten ari den ekimenen barruan dago bizikletak garbitzeko gune berria. Esate baterako, “puzgailuez eta bizikleta konpontzeko erremintez osatutako zerbitzuguneak eta Elizatxo hiribidean eta Palmera-Montero inguruan konektatzen ari garen bidegorri tarteak” aipatu ditu Borja Olazabalek.

Bi euskarri eta hesia inguruan

Aipatzekoa da hiria mantentzeko udal brigadak egin dituela bizikletak garbitzeko gunea instalatzeko lanak. Horretarako, edateko ura hornitzeko beharrezkoak ziren konexioak eta saneamendu sarearekikoak egin ditu.

Bizikletak garbitzerakoan isurtzen diren azaleko urak biltzeko kanaletak instalatu dira, eta armairu bat eraiki da, mahuka gordetzeko. Gainera, bizikletak garbitu bitartean haiei eusteko bi euskarri jarri dira.

Zurezko hesi behere bat jarri da bizikletak garbitzeko gunearen inguruan, hura ixteko eta, horrela, oker erabil dadin galarazteko. Azkenik, kartel bat jarri da, instalazio berria behar bezala eta gizalegez erabiltzeko gomendioak emateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude