
Zaisa Txingudiren bolada onak jarraitzen du eta, oraingoan, Iruñako La Unicaren bigarren taldea izan da garaitua. Datorren asteburuan liderraren etxean aritzea tokatzen zaio Txingudiri, Eibarren jokatu beharko baitu larunbatean 16:00etatik aurrera. Harrobiko taldeen artean, 18 urtez azpiko Gabiria Txingudi/Baztan izan da asteburuan garaipena lortu duen talde bakarra. Eskolako jokalariek berriz, Hernaniko topaketan parte hartu zuten.
Hasiera paregabea izan zuen etxeko taldeak defentsan ondo arituz lehenengo minutuetan eta baloiaren jabetza berreskuratuz. Bidasoarren estrategiak, hankarekin baloia defentsaren bizkarra bilatzen eta aurrelariekin joko motza eta kontaktu handikoa, emaitza ona eman zien, eta lehenengo hogei minutuetan bi entsegu eraldatu lortu zituzten Imanol Rodríguez (14′) eta Joao Costaren eskutik (21′). Alejandro Lasa izan zen bi eraldaketak lortu zituenak, markagailua 14 eta 0ekoan jarriz. La Unicak txartel hori bat jaso zuen bigarren entseguaren jokaldian egindako zigor kolpe batengatik, baina Txingudik ez zuen jakin nagusitasun hori puntuetan bihurtzen.
Lehen zatiko azken minutuetan behera egin zuen Iñigo Camarero eta Marc Duffrèchen taldeak eta defentsan zuloak agertu ziren. Iruindarrek bere aukerak baliatu zituzten eta aldea murriztea lortu zuten 34 eta 38. minutuetan (14-10).
Bigarren zatiaren hasiera lehenengoaren antzekoa izan zen eta mugakoak puntuak eskuratzen hasi ziren, atsedenaldiaren ondorengo bigarren minutuan Imanol Rodriguezek egindako entseguarekin eta Alejandro Lasak eraldatutakoa (21-10). Hamabi minutu geroago, aldea handitzeko aukera izan zuen Lasak zigor kolpe baten bidez, baina baloia hagen albo batetik pasa zen. Hala ere, La Unicak jokalari bat hamar minuturako galdu zuen, aldi baterako kanporaketa jasotzeagatik, etxekoei jokoa menderatzen jarraitzeko aukera emanez.
Baina, lehenengo zatian gertatu bezala, etxekoen indarrek behera egin zuten eta nafarren sasoi hobeak jokoa beraien alde desorekatu zuen, berriz, eta 61 eta 64 minutuetan lortutako entsegu eta eraldaketen bidez, markagailua iraultzea lortu zuten lehenengo aldiz norgehiagoka osoan (21-24).Emaitza horrek igoera borrokatzeko aukerak murrizten zizkion Zaisa Txingudiri, hortaz, taldea beste entsegu bat kosta ahala kosta lortzea joan zen azkeneko minutuetan.
Helburua partidaren azkeneko jardunaldia lortu zuten, entsegu eremutik gertu minutu luzez aritu ondoren eta La Unicak, berriz ere, aldi baterako kanporaketa bat jaso ondoren, aurrelariengandik iritsi zen garaipenaren marka. Joao Costak zigor kolpe bat eskura atera ondoren, nafarren entsegu-marratik zentimetrotara geratu zen baloia. Hurrengo fasean, Asier Gonzálezek ez zuen barkatu eta baloia marka-eremuan kokatu zuen, 26 eta 24koa lortuz eta garaipena Zaisa Txingudiri emanez.
Etxeko taldearen hamabostekoa André Ferreira, Aitor Asurmendi, Unai Cano, Xabi Sánchez, Jon Mediavilla, Imanol Rodriguez, Juan Carlos Lora (kapitaina), Asier González, Ioritz Franco, “Lutxo” Echevarria, Koldo Segurola, Eneko Martinez, Ekain Hiribarren, Odin Gutierrez eta Alejandro Lasak osatu zuten. Aulkian Joao Costa, Iñigo Sanchez, Julen Iglesias, Alberto Robleda, Peio Castellano eta Iñaki Lantxo hasi ziren. Norgehiagokaren epailea Alfredo Miranda izan zen.
Harrobiaren jardunaldia
18 urtez azpiko Gabiria Txingudi/Baztanek garaipen sendoa eskuratu zuen lekarozen Riojaren aurka. 9 entsegu eta 8 eraldaketa lortuta, 61 eta 12 emaitzarekin garaitu zituzten errioxarrak. Unax Lopez, Thiago Melerio (2), Aritz Arrieta (3), eta Aitor Emazabel izan ziren Txingudiren entsegugileak. Eraldaketa guztiak eta beste bi entseguak Kemen Sagarzazu eta Xabier Gorria baztandarrek lortu zituzten.
16 urtez azpiko Txingudi/Baztan/Orereta taldeak Getxon 30 eta 7 galdu zuen. Partida kaxkarra egin zuten bizkaitarren etxean eta azkeneko minutuetara arte ez zuten lortu punturik. 56. minutuan Beñat Bereauk entsegua egin zuen, Victor Sintesek eraldatutakoa.
14 urtez azpikoak ere ez zuten bere eguna izan eta 33-0 galdu zuten Hernaniren aurka.
Hernanin ere aritu ziren eskolako taldeak igandean, maila handiko topaketa jokatzen Atletico San Sebastian, Hernani eta Ordiziaren aurka.



