
Zaisa Txingudik Plaiaundin jokatuz ekingo dio urte berriari. Uribealdea B taldearen aurkako partidua Plaiaundin jokatu da larunbatean, urtarrilaren 10ean, 16:00etatik aurrera. Txingudi Errugbi Klubeko gainontzeko talde guztiek atseden hartuko dute beraien txapelketetan.
Iñigo Camarero eta Marco Dufrèchek zuzendutako jokalariak laugarren postuan kokatzen dira 19 punturekin, play-offerako sarbidea ematen duen bigarren postutik hamahiru unitatera. Gertuago dago asteburuko aurkaria, Mungiako taldeak Txingudik baino sei puntu gutxiago baititu eta zazpigarren kokatzen da. Pasa den denboraldiko neurketetan, Zaisa Txingudik Mungian irabaztea lortu zuen eta, aldiz, etxean galdu zuen. Igoera fasea jokatzea helburu nagusia izaten jarraitzen du, hortaz, mugakoek ezin dute puntuak gehitzeko aukera galdu behar.
Aldaketak finkatzeko urtea
2025/26 denboraldiak berri asko ekarri ditu Zaisa Txingudirentzat, taldera bueltatu diren jokalariez gain, staff teknikoak ere aldaketak izan ditu, azkenekoa Marc Dufrèche entrenatzaile berriaren inkorporazioa izanik.
Donibane-Lohizunen 1971n jaiotakoa, Stade Hendayaisen hasi zuen bere ibilbidea errugbian, gaztetan futbolean aritu ondoren. Ikasketek eta kirolak Baionara eraman zuten eta Aviron Bayonnaisen jokatu zuen 1993 urtera arte, Hendaiara bueltatu zenean. Bertan denboraldia amaitu ondoren, Stade Montois eta Boucau-Tarnosen eman zituen hurrengo urteak. Handik Australiara bidea hartu zuen Melbourne University taldean jokatzeko, ikasketa gehigarriak burutzen zituen aldi berean. Hurrengo geltokia Estatu Batuetan izan zuen, Gentlemen of Aspen eta San Francisco Golden Gate taldeetan arituz. Jokatzen eman zituen azkeneko bi denboraldian Pariseko Racingen eman zituen, lesioek jota, jokatzeari utzi eta entrenatzaile bezela lan egiten hasiz. Teknikari lanetan Baionako gazteekin eta Stade Hendayaisekin aritu da, kazetari lanarekin uztartu ahal izan duen bitartean.
Bere ogibidea Journal du Pays Basque, L’Équipe, Rugbyrama, Midi Olympique edo Sud Ouest hedabideetan garatu ahal izan du. Zaisa Txingudirena Euskal ligan duen lehenengo esperientzia da.
Nortasuna duen joko estiloa
“Marc taldearen indarguneak ustiatzen dituen joko estiloa aplikatzen ari da, aurrelariei protagonismo handia emanez eta bertikaltasun handia landuz hiru laurdenekin” nabarmendu du Xabi Sánchezek, Zaisa Txingudiko jokalaria. “Nabaria izan dira ere pasa den urtean Leire Muñoz Caok eta, denboraldiaurrean, Tom Walshek gurekin landutako oinarriak, estilo berri honi azkarrago moldatzea lagundu baitigu” – gehitu du Sánchezek. Muñoz eta Walsh aurten ez dute taldearekin jarraitzen beste ardurekin duten bateraezinengatik. Hala ere, mutilen lana gertutik jarraitzen dute.
Meléak aurten duen garrantzia Iñigo Camarerok azken urteetan egindako lanaren seinale ere bada. Irundarrak seigarren urtea beteko du aurten gizonezkoen taldearen buruzagitzan, jokalariei egonkortasuna eta ordena emanez. Xabi Sánchezen hitzetan “Taldearen antolaketaz arduratzeaz gain, oso ondo ezagutzen gaitu eta badaki zer eskatu behar digun gutako bakoitzari %100 eman dezagun”.



