Tartetxo bat duten bakoitzean scooterra hartu eta Ficobako pistara abiatzen dira zilipurdiak egitera. Puri-purian dagoen kirol honek zale asko ditu gure eskualdean. Aitor Palencia eta Iker eta Inge Txapartegi anaiak puntako ordezkari irundarrak dira. HS2 klubaren eskutik lehiaketetan parte hartzen dute.
Ficoban topatu ditugu flair eta back flipmotako txiribueltak airean egiten, aurpegian gozamena igartzen zaiela.
Txikitatik hasi ziren kirol honetan eta laster grinak harrapatu zituen. Gaur egun lehiaketetan eta erakustaldietan parte hartzeko aukera dute. Aitorrek (16 urte) Bergarako Laino skate parkeko norgehiagoka irabazi zuen, eta Ikerrek (14 urte) Bartzelonako Bullpark Scooter Jam erakustaldian trebeenekin batera esku hartu zuen.
Hondarribiko HS2 klubak materiala ematen die, eta gaztetxo hauek, ilusioa eta gogo guztia. Eman ere, ahal duten denbora libre guztia entrenatzen ematen dute, ikusleei tripak inarrosiarazten dizkieten txiribueltak perfekzionatzeko. “Gure helburua profesionalak izatea da”, diote argi eta garbi. Miresten dituzten xtreme kirol honetako gailurrean dabiltzanak segituan gogora etorzen zaizkie, hots, munduko hoberenak: Matty Ceravolo, Ryan Williams, besteak beste.
Horien mailara iristea ametsa denez, bada, eskurarriagoa den beste bat aipatzen dute. “Buuuff!! Izugarria izango litzateke Australiako eta Estatu Batuetako Woodward skate parke erraldoietan scooterrarekin aritzeko parada izatea!”.
Agur esan orduko, hirukotea zementoaren gainean akrobaziak egiteari lotu zaio.
- Arrasate. Kiroldegian
- Arrasate. Ospitalearen ondoan
- Lazkao. Euskadi plazan
- Legazpi. Urtatza auzoan
- Bergara. Kiroldegian
- Lasarte
- Hernani. Pana parkean
- Irun. FICOBAn
- Hondarribia. Kirol kaian
- Lezo. Erakustazokaren ondoan
- Errenteria
- Donostia. Intxaurrondo. Txaparrene
- parkean
- Donostia. Anoeta estadioan
- Donostia. Pagola auzoa,
- ikastetxe alemanetik hurbil
- Orio. A8, Orio-Zarautz irteeran
- Zarautz. Argiñano jatetxean
- Getaria. Kiroldegiaren ondoan
- Eibar. Sautsi auzoan
- Usurbil. Parkean