Jabeak, Francisco Javier Olallak, laster batean erretiroa hartuko du
Zabaltza plazak hiru kiosko ditu: musikarena, 1903an eraikia Euskal Jaien kariaz, prentsarena eta litxarreriena. 40 urte honetan, azken bi hauek dira plazaren nortasunaren bere-berezko elementuak.
Francisco Javier Olallaren aitari Udalak gozokiak eta jostailu txikiak sal-tzeko lizentzia esleitu zion. Orain dela hogeitamar urte semeak hartu zuen negozioaren lema. Laster batean erretiroa hartuko du.
Urte dexente igaro badira ere, kioskoak beti bezain koloretsu jarraitzen du, haur eta heldu lamineroen gozamenerako. “Pipak, gominolak, krispetak eta txikleak produktu izarrak ziren eta dira, oraindik ere”, dio Francisco Javierrek. Produktuek izan duten aldaketarik nabariena bilgarrian bilatu behar da, lehen ia dena soltean sal-tzen baitzen; gaur egun berriz, ia dena paketetxotan. “Bai, gailetak ere bilduta saltzen dira. Ekoizleari erosoago gertazen zaio eta gainera higienea ziurtatzen du”. “Aldatu den beste ezaugarrietako bat osagaiak dira; izan ere, Europako araudiari egokitzeko, kolorante artifizialak kentzen ari dira”, azaldu digu Francisco Javierrrek.
Jakina, modak ere bere eragina izaten du litxarrerien mundu honetan. Telebistan marrazki bizidun berriak ematen hasi orduko merchandisingaren makina martxan jartzen da, litxarrerien apalategietako jaun eta jabe bilakatuz. Bob Esponja, Hello Kitty, Gormiti eta abar haurren begietara ez ezik ahoetara ere iristen dira hainbat tankeratako gozoen bidez.
Modez gain, urtaroen arabera gorpu-tzak mota bateko edo besteko plazer txikiak eskatzen ditu. Hala, neguan li-txarreriak eta txokolatea saltzen dira batik bat. Udan, ordea, izozkiak dira erregeak.
Eta krisiak eragina izan ote du?. “Bai, orain txokolatea edota gailetak bezalako produktuak bilgarri txikietan datoz, merkeago saldu ahal izateko. Gainera, lehen, ama batek bi haur bazituen, euro bana gastatzen zuen; gaur egun, ordea, euro bat bientzat!”.
Hamar edo hamabi orduz lan egiten badu ere, Francisco Javier ez da kexu. Bere leihatilatik haurren poz aurpegiak ikusteak zerikusi handia izango du, ezbairik gabe.
“Litxarreria bat zenbat eta handiagoa eta zenbat eta koloretsuagoa izan, orduan eta erakargarriago gertatzen zaie haurrei”. Horixe umeek eskatzen dutena, baina gurasoek erosten al diete nahi dutena? “Gurasoak, eta batez ere amak, negoziatzen saia-tzen dira; baina aitona-amonak, ez, horiek biloben gutiziak asetzen dituzte tirabirarik sortu gabe. Halaxe izan da beti”.