Udal Gobernuko ituna hautsi dute

PSE-EEk bakarrik jarraituko du gobernatzen, gutxiengoan

Bukatu da PSE-EEk eta EAJk Irungo Udal Gobernuan eduki duten ituna. 2015eko uztailean sinatu zuten, eta orduz geroztik elkarrekin aritu dira udalaren gidaritzan. Bi udal taldeek baieztatu dute hasieratik izan dituztela tentsioak, baina azken hilabeteetan, azalera atera eta agerian gelditu dira. Azkenean eztanda egin dute, itunaren amaiera ekartzeraino. José Antonio Santano alkate sozialistak Xabier Iridoy Hirigintza ordezkari jeltzalea kargugabetu du, kudeaketa txarra argudiatuta. Ondoren, EAJko beste bi ordezkariek dimisioak aurkeztu dituzte, eta sozialistek ordezkatu dituzte jada.

PSE-EEkoak dira, dagoeneko, Irungo Udal Gobernuko departamentu guztietako ordezkari politikoak. Miguel Ángel Paezek hartu du Hirigintza eta Etxebizitza arloa, Xabier Iridoyren ordez. Cristina Labordak Lourdes Larraza ordezkatu du, Udaltzaingoaren eta Elkarbizitzaren arduran. Hezkuntza, Gazteria eta Euskara arloak Mónica Martinezen esku geratu dira, Josune Gomez jeltzalearen dimisioaren ondoren. Martinezek %50eko arduraldia zuen orain arte, Kooperazio, Balio eta Giza Eskubideen arloan. %100ekoa izango da hemendik aurrera.

“Xabier Iridoy kaleratuta, EAJ guztia Udal Gobernutik kanporatu du Santanok”, adierazi du Lander Ugartemendia Irungo EAJko lehendakariak. Ituna hautsitzat eman du EAJk, alkateak Hirigintza ordezkaria kargugabetu eta gero. Beste bi ordezkari jeltzaleek, Gomezek eta Larrazak, dimisioa sinatu dute, “ekintza koherentea” dela adieraziz. Oposizioan geratuko da EAJ, eta “oposizio konstruktiboa” egiteko asmoa duela baieztatu du. “Xabier Iridoy eta gainontzeko zinegotziak pertsona langileak eta zintzoak dira. Alderdiaren babes osoa dute”, erantsi du Ugartemendiak.

“Iruditzen zaigu Iridoyk lerro gorri bat gainditu duela”

José Antonio Santano, Irungo alkatea

Azken tanta, Korrokoitz-eko eztabaida

Xabier Iridoy Hirigintza ordezkariaren “kudeaketa txarra” salatu du José Antonio Santanok, erabakia arrazoitzeko asmoz. Zehazki, Korrokoitz eremuko Hirigintza proiektuaren inguruan: “Iruditzen zaigu lerro gorri bat gainditu duela, Udal Gobernuarenari ez ezik, Irungo Udalaren sinesgarritasunari eragiten diona”. Urtarrilaren 12an, Xabier Iridoyk jakinarazi zuen Korrokoitz inguruko jabe pribatuekin akordioa lortu zuela, eremuko Hirigintza Plan Berezia garatzeko. Erantsi zuen udaleko teknikariek akordio horren bideragarritasuna frogatuko zutela.

“Udalak baditu irregulartasunak frogatzeko tresnak. Aurkez ditzala frogak”

Xabier Iridoy, Irungo EAJko bozeramailea

Azken baieztapen horri heldu dio Santanok, hain zuzen ere, Iridoyk gainditu duen lerro gorria azaltzeko: “Teknikariek ezin dituzte akordio pertsonalak abalatu. Prozedura kontrakoa da, hain justu. Politikariok, erabakiak hartu behar ditugu, teknikarien txostenen arabera. Haietatik abiatuta”. Alegia, salatu du legeak markatutako bidetik kanpo aritu dela Iridoy. EAJk Xabier Iridoyren kudeaketa defendatu du, eta Santanori exijitu dio egindako salaketen frogak mahai gainean jartzeko. Sozialistak jeltzaleen izena zikintzeko kanpaina betean daudela iradoki du. “Irregulartasunak frogatzeko tresnak ditu udalak”, gogorarazi du Iridoyk: “Aurkez ditzala frogak. Irundarrek egia jakiteko eskubidea dute”.

Aspalditik datoz eztabaidak

Santanok aipatu du, legaltasunaz gainera, gardentasuna dela Hirigintzaren beste zutabea. Horretan ere, Iridoyk huts egin duela uste du: “Akordio baten berri ematen baldin bada, uste dut Udal Gobernuko beste kideok ezagutu behar dugula. Komunikabideen bidez izan dugu akordio horren berri”. Komunikazioarena da, hain zuzen ere, PSE-EEren eta EAJren arteko tentsioen iturburu nagusietako bat. “Hasiera-hasieratik, ez dugu preferentzia traturik eduki. Beste talde politikoen une berean jaso dugu informazio asko”, aipatu du Iridoyk.

Oposizioko beste talde nagusiek, hain zuzen, gogor kritikatu dituzte PSE-Eeren eta jeltzaleen arteko eztabaidak. Ego-en lehiari egotzi dizkiote. EH Bilduko Jokin Melidak nabarmendu du ondorioak hiritarrek ordainduko dituztela. Koalizio abertzalearen ustez, sozialisten eta jeltzaleen arteko ituna “anti natura” zela nabarmendu du Melidak: “Interes zehatz batzuen inguruan egindako akordioa da, eta Irunen, huts egin du”. Sozialistek eta jeltzaleek, edonola ere, biek nabarmendu dute tokiko markoan ulertu behar dela ituna, eta hortaz, hausturak ez duela eraginik izango beste udaletxe edo erakundeetan.

David Soto Si Se Puede-Irun Ahal Duguko bozeramaileak hauteskunde borrokan kokatu du eztabaida: “Azken batean, agintaldia bukatzeko urte eta erdi geratzen delarik, udal gobernuak porrot egin du, seriotasunik, erantzukizunik, koordinaziorik eta elkarrizketarik ez dagoelako”. Melidak gogorarazi du udal gobernurako alternatibak eskaintzen zituzten gehiengoak zeudela 2015ean, eta orain ere, badirela. Xabier Iridoyk, aldiz, adierazi du ez dutela halako aukeren inguruan hausnartu. Irun hiriaren eta irundarren alde lanean jarraituko dutela azpimarratu dute jeltzaleek. Oposizioan aritu beharko dira, hemendik aurrera, haien helburuen bila. PSE-EEk gutxiengoan gobernatuko du Irunen, 2019ko hauteskundeetara arte. 25 zinegotzietatik 10 dira sozialistak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude