Girabiraren hirugarren jardunaldia datorren igandean, hilaren22an, egingo da, Soroxarta parkean. Kasu honetan, natura izango da jardunaldiaren jaia. Girabiraren X. edizio honen hirugarren geldialdia izango da eta, magiari eta zirkuari eskainitako lehen biak bezain arrakastatsua izatea espero dute. Irundarrek eta kanpotik etorritakoek bertan parte hartzeko aukera izango dute.
Girabira Irungo parkeetan barrena antolatutako ibilbide bat da, gaikako jardunaldiak antolatuz hiria hobeto ezagutzeko. Programaren ekitaldi bakoitzean ikuskizunak, tailerrak eta piknika antolatzen dira hiriko parke batean. «Musika, parkeak, ekin!» lelopean berriz ere, 2024rako aukeratutako gaiak magia, zirkua, natura eta jada tradizionala den Txikimusika izan dira.
Nuria Alzaga Kulturako ordezkariak nabarmendu duenez, «Girabiraren ekitaldi honekin beste aukera bat daukagu hiriko beste parke bat pozez eta kolorez betetzeko, kasu honetan, Soroxartakoa. Programaren hamargarren urteurrenean, jardunaldi bakoitzean ikusten ari gara horrelako ospakizunak guztiz errotuta daudela hirian eta hori, hein handi batean, Txikis del Bidasoak urte hauetan guztietan egin duen esfortzuagatik da».
Natura izango da 2024ko hirugarren Girabira honen ardatz nagusia irailaren 22an, igandearekin. Hona hemen programazioa xehe-xehe:
12.30h | Antzerki-emanaldia
Egunari hasiera emateko, Panta Rhei konpainiak Izarren Hartza / La Osa Estelar izeneko antzezlana eskainiko du. Biodibertsitatearen errespetuaren alde sentsibilizatzeko lan bat da, animaliak beren ingurune naturalean daudenean duten sinpletasuna eta harmonia oinarri hartuta, beldurraren agerpenak deuseztatzeko eta nork bere balioa aurki dezan, mundu zoriontsuago bat eraikitzeko.
13.30h | Piknik musikatua
Girabiraren helburuetako bat espazio publikoa erabiltzea da. Horretarako, parte-hartzaileei gonbita egiten zaie parkera piknikeko mantak eta eskuoihalak ekar ditzaten, bertan bazkaltzeko, programazioaz gozatu bitartean.
14.30h – 16.30h | Tailerrak
Tailerrak bazkalondoan hasiko dira. Artean Espazioaren eta Jon Sáenz del Castilloren eskutik, bi tailer dinamizatuko dira, parkean jasotako elementu naturalak sormen-lanetarako euskarri gisa erabilita.
Aldi berean, Emhan espazioak haurrentzako masajeen hasi-masien inguruko tailer bat antolatuko du. Haur oso txikiak dituzten familiei dago zuzendua batik bat, 0 eta 2 arteko haurrak dituztenei, hain zuzen ere. Interesa duten familiek manta bat edo estera bat ekarri behar dute.
Hurrengo geldialdia
Girabirak urriaren 13an, igandean, egingo du azken geldialdia. Egun horretan, Txikimusika jardunaldia hartuko du Mendibil Parkeak 12:30etik 16:30era.