Turismo naturalak bizi duen goraldiaren erakusle da Lapurriturri

Eguraldi ona iristen denean eta tenperaturak gora egiten duenean, handitu egiten da aire zabaleko planez gozatzeko gogoa. Hala jakinarazi du Irungo Udaleko Garapen Jasangarriko ordezkaria den Borja Olazabalek , Lapurriturriko informazio-gunera bertaratutakoen kopuruaren eta puntu horretan bertan orain arte egindako tailerretan izandako parte-hartzeari buruzko datuen «balantze oso positiboa» egin baitu. Harekin batera, Naiara Kaperotxipi ere izan da prentsaurrekoan, ARAZI IKT, S.L. enpresaren ordezkari gisa. Enpresa horrek kudeatzen du Lapurriturri informazio gunearen jarduera.

«Turismo naturala goraldian dago, eta gero eta jende gehiagok aukeratzen du oporrak naturan pasatzea. Horren erakusle da Lapurriturriren informazio gunea, urtero bisitari berriak batzen dituena, eta gaur egun Aiako Harrian erreferentziazko leku bihurtu dena, bai irundarrentzat, bai bisitarientzat», azaldu du ordezkariak.

Oporrak naturan

Ekainaren 1ean ireki zenetik uztailaren 31ra arte, 150 pertsona ingururen kontsultak jaso dira Lapurriturriko informazio-gunean; 2023an, berriz, 101 pertsonaren kontsultei erantzun zitzaien. Bisitari gehienak estatukoak eta frantsesak dira, eta kontsultak Aiako Harrien inguruan dauden bost ibilbideekin eta mendiaren hiru tontorretara (Erroilbide, Txurru eta Hirumugarrieta) igotzeko informazioarekin lotuta daude:

Naturarekiko interesa

Lapurriturri informazio guneak, inguruari buruzko informazio praktikoa eskaintzeaz gain, hainbat tailer ere egiten ditu ekainetik urrira bitartean, inguru horren aberastasun naturala balioan jartzeko helburuarekin.

Orain arte puntu horretan bertan egindako tailerrek ere oso harrera ona izan dute publikoaren aldetik. Ekainaren 15ean egin zen Mineralen tailerrak 20 parte-hartzaile izan zituen, eta Polinizatzaileen Jokoa tailerrak, berriz, 16. Bi hitzordu horiez gain, urriaren 12ra arte honako tailer hauek aurreikusten dira: fosilei buruzko tailer bat abuztuaren 17an (plaza agortuak), zuhaitzei buruzko beste bat irailaren 8an eta mikologiari buruzko beste bat urriaren 12an. Fosilen tailerra egin nahi dutenek abuztuaren 13a baino lehen eman ahal izango dute izena udalaren webgunearen bidez. Gainerako tailerretan izena emateko epea aurrerago jakinaraziko da.

Lapurriturriren informazio-puntuari buruz

Gogoratu behar da Lapurriturriko Informazio Guneak 15 urte inguru daramatzala parkearen berri ematen, eta, horretarako, hainbat jarduera egiten direla denboraldi osoan. Udaberrian, udan eta udazkenaren sarreran banatzen diren jarduerez gain, informazio-guneak berak informazioa ematen die bisitari guztiei paperean eta Parke Naturalari buruzko gidaren, 5 ibilbide tematikoen (hozkailu-putzuak, meatzaritza, ikazkintza, gerrak eta Flora-Fauna-Ura) eta inguruneko turismo-eskaintzaren azalpenak.

Gogorarazten da, gainera, Lapurriturriko informazio-guneko jendearentzako ordutegia asteburu, jaiegun eta zubi guztietan irekitzen dela ekainetik urrira, 9:30etatik 13:30etara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude