Irungo Udalak 2024ko Euskal Jiraren balorazioa positiboa egin du

Joan den asteburuan, alaitasuna, umore ona eta ondo pasatzeko gogoa izan ziren nagusi hiriko kaleetan, Irungo Euskal Jiraren 44. edizioa ospatu baitzen. Hala jakinarazi dute Irungo Udalak eta batzorde antolatzaileak, Irungo Euskal Jirari buruz egin duten lehen balorazio “oso positiboan”.

Udan ezinbesteko festa izaten da Irunen, euskal tradizioak eta folklorea ardatz hartuta, eta aurtengoa “jendetsua” izan da, eta jende aldetik arrakasta izateaz gainera, parte-hartzea ere “bikaina” izan da.

Ohiko gurdi-erakusketaz, bertso-saioez eta txalapartaz eta herri-kirolen ohiko Gipuzkoako Pentatloi Txapelketaz gozatu ahal izan zituzten helduek zein txikiek, programa berezi baten esparruan. Hogeita hamar proposamen inguru izan ziren, eta Urdanibia plaza izan zen festa ospatzeko agertoki nagusia.

Musika, festaren protagonista

Aurreko edizioetan ez bezala, aurten, ostiral arratsaldean hasi zen festa, Irungo Atseginako erraldoien desfilearekin. Gainera, berritasun gisa, antolatzaileek ostiraleko ohiko kontzertuaren formatua berritzearen alde egin zuten, eta, oraingoan, Burrunba Elektrotxaranga aritu zen jo eta jo. Formatu informalagoa eta zutik jardutekoa izan zen, eta “izugarrizko arrakasta” izan zuen.

Musika emanaldiekin jarraituz, Bide Batez taldearen berbenan ere giro “bikaina” izan zela adierazi dute antolatzaileek.

Artea eta artisautza, kalean bertan

Larunbat osoan, herritarrek arteaz eta artisautzaz gozatu zuten artisautzaren eta tokiko produktuen azokan. Aurten, 22 erakusketari izan ziren, eta produktu ugari eskaini zituzten, tartean, ogia eta pastelak, gazta, pitxiak, poltsak…

Kirola, jaietan ere bai

Kirolzaleek ohiko Herri Kirolen Gipuzkoako Pentatloi Txapelketarekin gozatzeko aukera izan zuten Urdanibia plazan. Andoni Iruretagoiena “Izeta IV” hirugarren urtez jarraian izan zen garaile, proba guztiak (harri-jasotzea, giza-proba, aizkora, txingak eta korrika) 24:22ko denboran eginda.

Era berean, Irungo Udalak eskerrak eman nahi izan dizkie batzorde antolatzaileari eta Euskal Jiran inplikatu diren elkarte guztiei, hirian oso errotuta dagoen festa hori antolatzeko duten konpromisoagatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude