Irungo Euskal Jira Antolatzaile Batzordeak 2024ko edizioa antolatzea erabaki du

Irungo Euskal Jira antolatzen duen batzordeak jakinarazi du 2024ko Euskal Jira antolatzea erabaki duela. 2024ko Euskal Jirako ordainketei eta Elkarteak dituen gastu arruntei aurre egiteko diru-arazoak gaindituta, Batzorde Antolatzailea berriz ere martxan jarri da, aurtengo Euskal Jirako jarduera egitarau mamitsu eta erakargarria prestatu ahal izateko.

Batzordeak Euskal Jira jasaten ari zen egoera ekonomiko zaila ezagutzera eman zenetik jasotako babes adierazpen guztiak eskertu ditu. Asko izan dira antolatzaile batzordearekin harremanetan jarri diren pertsonak, elkarteak, komunikabideak, haiei ahotsa eman, egoeraren berri eman, konponbideak bilatu, batzordean parte hartzeko eskaintza egin, eta edozein modutan animatzeko. Horiei guztiei egindako ahalegina eskertu diete antolakuntza batzordetik. Bereziki eskerrak eman dizkiete XXI. Foroa, Herritarren Foroa eta Maltzeta trikitilari taldeari jirarentzat diru-sarrera berriak lortzeko balio izan duten jarduerak/ekarpenak egiten/antolatzen parte hartzeagatik

Antolatzaile batzordetik azaldu dute, “oso zaila egin zaigu beharrezko finantzaketa lortu ahal izateko legezko prozedura aurkitzea”. Kontuan hartuta jokoan zegoela 2024ko Euskal Jira ospatu edo ez, oztopo legal gehiegi aurkitu dituztela adierazi dute, eta horiek luzatu egin dute aurtengo edizioaren prestaketen hasiera.

Batzordetik salatu dute oztopo legal horiek jartzen dutela arriskuan Euskal Jiraren hurrengo edizioak ospatzea. Batzorde antolatzailea jirak merezi duen garrantziaren araberako jarduera-programa bat osatzeaz arduratzen da, eta, aldi berean, daukan aurrekontuari egokitzen saiatzen da. “Uste dugu horrela egin dugula Euskal Jira antolatzen daramagun urte luzeetan”, adierazi dute.

Udalaren inplikazioa

Hortaz, jakin badakite egoera horrek diru-iturri berriak bilatzera eta gure jaiaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko gasturik garrantzitsuenetako batzuk ahalik eta gehien egokitzera eraman behar dituela. Batzordeak ilusiorik handienarekin egingo dio aurre aurtengo Jira antolatzeari, baina Udalak ez badu mekanismorik bilatzen, nolabait, txosnan diru-sarrera faltagatik gerta daitezkeen galera ekonomikoez arduratzeko, ezin du ziurtatu hori egiten jarraituko duenik hurrengo edizioetan.

“Gure ustez, ezin dira hiriko kultura-ondare baten etorkizun ekonomikoaren erantzule bakar egin Batzordeko kide garenok”, adierazi dute antolakuntza batzordetik. Euskal Jira antolatzen dutenek, galdera hauek egiten dizkiete beren buruari: Zer gertatuko litzateke Euskal Jira egunean eguraldi txarra berriro izango balitz eta txosnan diru-sarrerarik ez balego? Zer gertatuko litzateke zulo ekonomikoa askoz handiagoa balitz? Batzordeko boluntarioak izango lirateke sortutako zor ekonomikoen erantzule bakarrak? Gure poltsikotik dirua jartzen jarraitu beharko dugu zorrei aurre egiteko? Gai horiek guztiak Udalaren aurrean planteatu dira, eta, asmo onak izan arren, Euskal Jiraren antolakuntza batzordetik adierazi dute inork ez diela ziurtatzen Batzordea ez denik gaiaerekin bakarrik geratuko Jiraren beste edizio baten ondoren.

Azken 20-25 urteetan, gutxienez bi aldiz, Euskal Jirak egungoak baino arazo ekonomiko handiagoak izan ditu, eta, bi aldietan, Udalak, Jirak laguntza behar zuela ulertuta, hiriko kultur ondare gisa, aurrera egiteko behar zuen estaldura ekonomikoa eman zion. Oraingo honetan, tamalez, hori ez da horrela gertatu, bere garaian egin ahal izan zena, orain ez omen da zilegi. Hala eta guztiz ere, Batzordeak baikorra izan nahi du eta, Udalaren laguntzarekin, Euskal Jiraren etorkizuna ziurtatzeko formula aurkituko duela pentsatu nahi dugu. Eta, hemendik aurrera, munduko gogo eta ilusio guztiarekin antolatuko dute aurtengo Euskal Jira, irundar guztiek inoiz baino gehiago goza dezaten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude