Jabier Muguruza eszenatokietara itzuliko da zuzenean “Lagun batek esan dit” lan berria aurkezteko. Ia bost urtez haurrentzako musika landu ostean, publiko helduentzako diskoa kaleratu du martxoaren 5ean. Diskoan Iñaki Irazu poetaren hitzetan oinarrituz sortutako abestiak bildu ditu musikari irundarrak. Jabier Muguruza ilusioz gainezka agertu da lan berri honen aurrean, baina urduri ere badagoela onartu du.
Zer aurkituko dute zure jarraitzaileek disko berri honen barnean?
Esango nuke berritasun handienetakoa izango dela 4 edo 5 urteren ondoren berriro ere helduentzako lan bat kaleratzea. Orain arte buru-belarri ibili naiz umeentzako lanak lantzen, grabatzen eta publikatzen. Iñaki Irazu poetaren omenez lan bat burutzea izan da oraingoan aitzakia. Zergatik egin nahi diot horrelako omenaldi edo keinu maitekor bat Iñakiri? Hain zuzen ere, hiru hamarkada hauetan zehar poema pilo bat musikatu ditudalako, zehazki 32. Hori asko da eta pentsatzen dut zerbait sakona adierazten duela. Poeta beraren 32 poema edo testu musikatzea ez da ohizkoa. Gero ere egia da aurten 70 urte beteko dituela, baina ez dut horretan jarri nahi azentua. Asuntoa da aukeraketa bat egin dudala, 11 kantu aukeratu ditut eta disko bat grabatu dut.
“Musika eta hitza izan dira beti nire lanen ardatza”
Alde handia dago haurrentzako edo helduentzako musikaren ekoizpen prozesuen artean?
Bai. Puntu amankomun nagusia da nire konposizioak direla eta, horretaz aparte, banda ere oso antzekoa dela, hau da, musikariak, beraz, horrek ere marka bat ematen dio. Nik uste diferentzia nagusia dela zure irudimenean kantu bat lantzen ari zarenean, aurrean ume baten erretratua jartzen duzula edo, bestela, pertsona heldu bat imajinatzen duzula. Noski horrek baldintzatzen duela, bai konposizioa eta dena. Hortaz, inportantea da konposizioak eta musikariak oso antzekoak direla, nortasun bat ematen baitio lan osoari.
Zergatik erabaki duzu bat-batean publiko aldaketa hau egitea?
Ez nuke jakingo esaten zehazki zein izan den arrazoia. Ez da bakarrik diskoa izango, azkeneko urteetan ez baitut kontzerturik eman. 2019an publikatu nuen “Geltokiak izarretara”, hiruzpalau kontzertu eman eta nire zuzenekoak ere utzi nituen. Uste dut bazegoela hor gogo hori helduentzako lan bat atera eta kontzertu batzuk emateko. Bilbon, Donostian, Bartzelonan egingo ditugu eta, baliteke, Irunen ere egitea.
Zuzenekoak diskoa aurkezteko modurik aproposena dira, ezta?
Bai, nahiz kontzertuak uzteko bestelako faktoreak ere bazeuden. Neke puntu bat zegoen. 2019a eta 2020a oso urte bereziak izan dira, zerbait neutroa esateko. Furgonetarekin gora eta behera ibiltzeko gogorik ez nuen. Lan gogor xamarra da zuzenekoak eskaintzea, bidaiengatik eta gainontzeko guztiarengatik. 63 urte ditut eta ez nago garai bateko energiarekin.
Zure jarraitzaileek, ezagutzen duten Jabier Muguruzaren esentzia aurkituko dute disko berrian?
Nik uste bereziki beraien interesa piztuko duena izango dela garai ezberdinetan grabatutako kantu hauei oraingoan zein enfoke eman diegun ikustea. Adibidez, “Mutiko arrotza” kantari Jean-Marie Ekai edo Mikel Azpiroz musikari bikainek grabatutako bandak batasuna eman dio lan guztiari. Nire ikuspuntutik hori izango da interesgune handiena.
Irazuren hitzak oinarri izateak asko mugatzen al du zure lana?
Niretzat lagungarria da. Askatasuna beti oso mugatua dago eta nik nahiago dut euskarri bat izatea, adibidez, hitzak, lagungarriak direlako. Gainera, ez dut sinisten erabateko askatasunean, ez musikan, ez sorkuntzan, ez gizartean, ez ezertan.
Zure bizitzan zehar sorkuntza esparru ezberdinetan ikusi zaitugu lanean. Erraza da buruan ideia horiek guztiak ordenatuak mantentzea?
Egia da gauza ezberdinak egin izan ditudala. Baina aletzen hasten zarenean konturatzen zara musika eta hitza izan direla beti nire lanen ardatza. Egia da antzerkian ibili nintzela, baina bertan musika egiten nuen. Atxagarekin ibili izan naiz, baina beti musika edo hitzarekin loturik. Literatura eta musikaren kasuan aipatutako ardatz horiekin lotura garbia da. Beraz, nire lan esparrua ez da dirudien bezain zabala izan, nahiz eta gauza ezberdinak egin izan ditudan.
“Ez dut sinisten erabateko askatasunean, ez musikan, ez sorkuntzan, ez gizartean, ez ezertan”
Zer sentsazio dituzu disko berria kaleratzear zaudenean?
Momentu honetan estimulazio izugarri baten erdian gaude, alde guztietatik estimuluak eta mezuak jasotzen ditugu eta. Gaur egun gainera, irudia da nagusi, irudirik gabe ez baitzoaz inora. Horren erdian tokitxo bat lortzea eta interesa piztea zaila iruditzen zait. Hala ere, espero dut sektore batek eta publiko mota batek nire lanean interesa izatea. Uste dut publiko horri gustatuko zaiola Iñakiren testuekin eta punta-puntako banda batekin zer egin dudan jakitea. Gainera, urduritasun puntu bat ere badut, eszenatoki gainean bizitza osoa eman dudan arren, jada 5 edo 6 urterekin taula gainean nengoelako akordeoia jotzen. Niretzat eszenatokia etxea da. Dena den, urduritasun puntu bat badut, gauzak nola doazen ikusi arte. Barregarria dirudi nik hainbeste urteko esperientziarekin hau esatea, baina horrela da.
Zein proiektutan lan egin nahiko zenuke etorkizunean?
Lehen bi ardatz aipatu ditut: musika eta hitza. Bide horretatik jarraitu ahal izatea luxu bat litzateke. Seguruenik umeentzako lanak publikatzen jarraituko dut. Oso gustura sentitzen bainaiz hor eta umeei transmititzen saiatzen garen erregistro alai eta, aldi berean, lasai patxadatsu horretan oso eroso nabaritzen naiz.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.