Lumak Haize taldeak identitateari buruzko zikloaren bigarren topaketa bisexuala antolatu du

Lumak Haize, Irungo Harrotasun Kritikoa, taldeak bigarren topaketa bisexuala antolatu du. Oraingoan tailer bat egingo dute bisexualitatearen bizipenak, bizitza, zalantza eta prozesuak partekatzeko. Tailerra Palmera Montero guneko 5. aretoan egingo da ekainaren 7an, ostiralean, 18:30ean.

Identitateari buruzko zikloa otsailaren 23an hasi zuten. Lehen tailer horretan bi-errealitateei, bifobiari, erreferenteei eta ikusgarritasunari buruz hitz egin zuten, besteak beste.Oraingoa bisexualentzako edo zalantzan dauden pertsonentzako tailer bat izango da. Parte-hartzaileek beren esperientzietatik hitz egingo dute. Helburua da mundu monosexual batean bizirauteko sare bisexualak ehuntzeko espazio seguru bat sortzea.

Lumak Haize taldetik azaldu dutenez, Palmera Montero gunea espazioa irisgarria da. Dena den, norbaitek antolakuntzari jakinarazi nahi dion laguntzaren bat behar izanez gero, lumakhaize@gmail.com email honen bidez edo Instagram bidez taldearekin harremanetan jar daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude