Ikasturte politiko berria etxebizitzan, mugikortasunean eta segurtasunean ardaztuko du Irungo alkateak

Irungo alkateak ikasturte politiko berriari ekin dio, hiriaren eraldaketan urratsak ematen jarraitzeko helburuarekin. Ildo horretan, Udalaren jarduera hiru ardatz nagusitan oinarrituko da: etxebizitza, mugikortasuna eta segurtasuna, guztiak auzoetako bizitza hobetzeko asmoz.

Etxebizitzaren arloan, 695 etxebizitza publiko (salmenta zein alokairukoak) garatuko dira San Migel-Anakan, Mendipen eta Korrokoitzen. Horrez gain, lokalak etxebizitza bihurtzeko prozedura berri bat abiatuko da, eta Vía Irun proiektu estrategikoaren baitan Plan Orokorraren aldaketa behin betiko onartuko da, hirigunea berroneratzeko eta aukera berriak sortzeko asmoz. Alkateak azaldu du, neurri hauen bitartez, gazteek ez ezik, beste adinetako hiritarrek etxebizitzarekin loturik izan ditzaketen beharrei erantzuna ematea bilatzen dela.

Mugikortasunari dagokionez, urte honetako mugarri garrantzitsuena tren eta autobus geltoki berria martxan jartzea izango da, hiriarentzat mugarria izango den azpiegitura. Aldi berean, Belartzako aparkalekuaren obrak amaitzea, Artiako auzoari erabilera publikorako espazioak emango dizkiona. Azaroko Udal Osoko Bilkuran, Emisio Baxuko Gunearen ordenantza behin betiko onartzea aurreikusten du Udalak, mugikortasun jasangarriago baterantz eginez, egun alegazioak lantzen ari baitira.

Segurtasunaren arloan, Udaltzaingoaren lantaldea 15 agentetan handituko da, gertutasuna bilatuko duen eredu berri bat ezarriz. Berrerortze anitzari aurre egiteko tresna berriak erabiliko dira halaber: SIRAJ sistemarako sarbidea, Udalak akusazio partikular gisa aurkezteko aukera eta Ertzaintzarekin komunikazioa hobetzeko Morphobis sistema berria. Ingurune urbanoak zaintzeak eta espazioak berreskuratzeak ere segurtasuna hobetzen lagunduko duela azpimarratu du alkateak.

Pertsonen hiria

Proiektu urbanistikoez haratago, pertsonen zaintzak eta gizarte-zerbitzuek arreta berezia izango dute ikasturte berrian. Zentzu horretan, Arbesko adinekoen egoitzaren obrak hastea espero da, eta San Migel auzoko Emigrazio Eraikinaren irekierak (adinekoen lokala, haurtxokoa eta auzo elkartea barne hartuko dituena) hiru belaunaldi elkartuko dituen topagunea sortuko du auzoa dinamizatzeko. Horrekin batera, Eguberrietako kanpainaren bidez hiriko merkataritza zein ekonomia bultzatzen jarraituko da, eta lehentasun horiek guztiak baliabide bilakatzeko 2027ko Udal Aurrekontuak ezinbesteko tresna izango dira. Alkateak gogoratu duenez, “aurrekontuak, zifretatik haratago, udalarentzat lan egiteko baliabideak dira”.

Alkateak nabarmendu duenez, Udalak Irungo herritarren interesak defendatzen jarraituko du erakundeen aurrean, akordioak lortzeko esku luzatuz eta hiri bizigarriago zein seguruago bat eraikiz. Era berean, gogoratu du hiritarren bizimodua hobetzeko udalaren esku ez dauden hainbat arlotan ekintza azkarrak beharrekoak direla, hala nola, IAM pabiloia eraiki eta Plaiaundiko pistak Txenpereneara mugitzea, hiriko errepideen garapen egokia eta osasungintza publikoko zerbitzuak bermatzea. Hori lortuta, Cristina Labordak uste du benetan Irun bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko hiri aproposean bihurtuko dela: “Hiriak proiektu handiak dauzka aurretik datozen hilabeteetara begira, baina neurri txikiagoko proiektuek ere garrantzi bera dute Irunentzat”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude