Gaur hasiko dira Irungo 2025eko San Pedro eta San Martzial jaiak ofizialki jaietako agur ekitaldiarekin. Aurrez, nolanahi ere, asteburua ikusgarria eta jendetsua izan da, eta jarduera gehienak bete dira, asteburuko hiru egunetan zehar, ostiraletik igandera, jendetza bilduz.
40 jarduera inguru izan dira asteburu osoan; askotarikoak eta gustu guztientzako modukoak, eta jendetsuak denak. Irungo Udaleko lehenengo alkateorde eta Hiri Bultzadako ordezkari Nuria Alzagaren esanetan, asteburu honetan ere kaleetan ikusi den jendetzak urtetik urtera Sanmartzialetan jarduera askotarikoagoak antolatzeko apustua berresten du. Hiri Bultzadako ordezkariak adierazi duenez, “Babes horrek hiria aberastu ere egiten du, bat egiten gaituzten lokarriak estutzen, eta, horregatik, Udalak jaietan partaidetza eta ongizatea sustatzen jarraituko du, eta hura elkarte eta erakundeen partaidetzari esker egiten du, eta benetan bere lana eskertu nahi dugu”.
Bereziki, aipatzekoa da zer jendetsuak izan ziren larunbatean Ficoban egin zen herri bazkaria Betti Gotti Euskara Taldearen eskutik, beronen aurreko eta ondorengo kalejirarekin batera, eta Sünek egun hartan bertan gauean Urdanibia plazan eman zuen kontzertu jendetsua.
Segurtasun neurriak bermaturik
Egunak espero izatekoa zen jai giroan joan ziren. Alde horretatik, aipatzekoa da jaietarako segurtasun zerbitzu berezia: astebete baino gehiago darama martxan, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazioari esker, hirian segurtasuna eta bizikidetza bermatzeko, eta, horrela, polizia gehiago dabiltza jende asko biltzen den tokietan.



