Irungo Udalak prebentzio protokoloa aktibatu du apirilaren 25ean irundarrek Opilaren Eguna ospa dezaten. Programa horretan Gizarte Ongizateko, Mugikortasuneko eta Udaltzaingoko arloak koordinatzen dira Opilaren eguneko jai testuingurua dela eta. Hortaz gain, alkoholaren eta beste droga batzuen gehiegizko kontsumoa murrizteko prebentzio-ekintza batzuk antolatzen ditu udalak.
Doako autobus zerbitzua
Mugikortasun arloak, beste urteetan bezala, doako autobus-zerbitzu berezi bat antolatu du San Marko egunerako. Zerbitzu hori egun osoan ibiliko da, San Martzial eta Guadalupe zelaietara joanez, toki horietan gazte-kopuru handia biltzen baita jai hori ospatzeko. Autobusa dohainik izango da, eta jende ororentzat da, bereziki gazteentzat eta nerabeentzat. Helburua da hara joan daitezen gauzak erraztea eta, bide batez, trafikoa eta ibilgailu pribatuen eta ziklomotorren kopurua murriztea.
Zerbitzu horrek bi linea eta bi ibilbide edukiko ditu; bata San Martzial aldera eta, bestea, Guadalupe aldera, goiz eta arratsalde, eta ordu erditik ordu erdira. San Martzialerako linea 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era ibiliko da, eta honako ibilbide hau egingo du: Hondarribia kaletik aterako da, ondoren leku hauetatik igaroko da: Colón ibilbidea, Nafarroako ibilbidea, Palmera-Montero, Arbes eta San Martzial mendia. Hiri-autobusaren ohiko geltokietan hartuko ditu bidaiariak.
Guadaluperako linea 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era ibiliko da, eta honako ibilbide hau egingo du: Dunboako anbulatoriotik irtengo da, eta ondoren: Nafarroako hiribidea, Colón ibilbidea, Hondarribia kalea, Pinudi eta Guadalupe.
Era berean, eta ospakizuna normaltasun osoz gerta dadin, prebentziorako zerbitzu bat antolatuko du Udaltzaingoak. Zaintze-lanak egingo ditu, bereziki adingabeei alkohola ez saltzeko, eta, Babes Zibilarekin batera, jardunaldian parte hartzen duten gazteen eta nerabeen segurtasuna ere zainduko du.
Arriskuak murrizteko gomendioak
Gizarte Ongizateko arloak “Egun on bat igarotzeko 10 ideia” argitaratu ditu Udalaren webgunean, arriskuak murrizteko gomendioen bideo-dekalogo batekin batera. Era berean, programa ikastetxeekin partekatu da, eta gutun bat bidali zaie Irungo merkatariei, adingabeei alkohola saltzea eta hornitzea debekatzen dien legeria gogorarazteko, bai eta alkoholaren kontsumoa prebenitzen lagun dezaketen gizarte-eragile gisa duten garrantzia gogorarazteko ere.