Bi urteren ostean Irungo plazak eta elizak bete egin dira goratutako Opilak bedeinkatzeko

2022ko apirilaren 25ean hiriko ohitura berezienetako bat berreskuratu zen. San Markos eguna ospatzeko haurrek amabitxiek oparitutako Opilak bedeinkatu zituzten, beren lagun eta senideen konpainian. Opilak bedeinkatzeko ekitaldiak Irungo eliza guztietan egin ziren.

Bi urteren ostean, eguraldiak ere San Markos egun berezia ospatzeko aitzakia eman du, egun argitsu eta eguzkitsua eskaini baitu. Izan ere, aurreko bi urteetan bedeinkapena zuzenean egitea ezinezkoa izan da pandemiaren ondorioz. Orduan ur bedeinkaturik aurrez aurre jaso ez eta apaizen hitzak irrati eta telebista bidez iritsi ziren haur irundarren Opiletaraino. Orduko ospakizun bakartiak atzean utzita, aurten asko eta asko izan dira Opila Eguna ospatzeko kalera atera direnak, Junkal plazatxoan hartutako irduiek erakusten dutenez.

Apirilaren 25az gozatzeko gogoak bultzatuta, irundarrek Opilak haurren izenak josita daramatzaten oihaletan sartu, korapiloekin lotu eta hiriko kale eta inguruko mendietara hurbildu dira San Markos eguna ospatzeko. Apaizak ur bedeinkatua jaurtitzerakoan haurrek indarrez goratu dituzte opilak, ondoren bilgarria kendu eta amabitxiak mimoz egindako oparia dastatzeko. Jarraian, Junkaleko Andre Mari Elizaren aurreko plazan ospatutako Opilen bedeinkapeneko argazkiak ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude