
Gaur goizean emandako prentsaurreko batean, Irungo alkate Cristina Labordak, lehenengo alkateorde eta Hirigintzako ordezkari Miguel Ángel Páezekin eta Garapen Jasangarriko ordezkari Borja Olazabalekin batera, Irungo Udala emisio gutxiko eremua sortzeko ematen ari den pausoen berri eman du.
Emisio gutxiko eremua sortzeko proiektuaren konplexutasuna dela eta, Udalak irundarrentzako informazio eta komunikazio kanpainak jarriko ditu martxan, emisio gutxiko eremua sortzeko prozesua behar bezala burutzeko, baita partaidetza prozesuak ere, hiri proiektu horrek gizartearen baitan ahalik eta adostasun handiena lortzeko.
Alkatearen esanetan, “funtsezkoa da aurrerantzean ere emisio gutxiko eremuari, Hiri barruko Mugikortasun Jasangarrirako Planari eta horrelako proiektuei ematea lehentasuna, datorren hamarkadan haiek izango baitira hiriko mugikortasunaren oinarria eta Irun hiri atseginagoa izateko euskarriak izango baitira”.
Irun taupaka
Emisio gutxiko eremua sortzeko proiektua oso konplexua denez eta epe ertain-luzean jarriko denez martxan, herritarrak programa ezagutzen joateko kanpaina bat landu du Udalak. Labordak adierazi duenez, “batzuetan, irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du, eta, horregatik, emisio gutxiko eremu berriaren irudia espazio atsegin bat bihurtu dugu, hiriguneko arteria nagusiak bihotz baten barruan elkartuta, hartuko ditugun neurriei esker hiriguneak osasuntsu ‘taupa egingo’ duela sinbolizatzeko”.
Hirigintzako ordezkaria bat etorri da; izan ere, “emisio gutxiko eremuaren sorrera ez dugu betebehartzat hartu behar, baizik eta irundarren bizi kalitatea hobetzeko aukeratzat. Azken batean, horixe da gure helburua betidanik: egokitzen zaizkigun proiektu handiak baliatuz herritarren ongizatea areagotzea”.
Garapen Jasangarriko ordezkariak nabarmendu duenez, berriz, “Udalak eta herritarrek eskutik joan behar dute proiektu honetan. Hori da bide bakarra Irunen emisio gutxiko eremurik onena sortzeko: irundarren iritzia entzutea eta ahalik eta adostasun handiena lortzen saiatzea”.
Kanpainaren irudia bere animazio bideoa du YouTube-n.
Gaur egungo egoera
Gaur egun, Udala I. fasean dago, diagnostiko integrala egiten, jakiteko zer-nolako egoeran dagoen hiria mugikortasunari, airearen kalitateari eta zaratari dagokienez eta aztertzeko zer-nolako inpaktua izan dezakeen hirian emisio gutxiko eremuaren sorrerak.
Diagnostikoaren esparruan bildutako informazioa osatzeko, Udalak partaidetza prozesu bat jarriko du martxan. Komunitate osoa gonbidatu du aurrera eramango dituen ekimenetan parte hartzera, ekarpen guztiek aberastuko dute-eta proiektua:
- Irungo emisio gutxiko eremua arautzen duen udal ordenantza osatu aurreko kontsulta publikoa
- Mugikortasun gaiei eta emisio gutxiko eremuari buruzko inkestak, kalean, ekainaren 10etik 26ra bitartean, eta online
- Herritarrekiko eta interesa duten eragileekiko bilera irekiak, uztailean
Hurrengo pausuak
Udalak informazio eta komunikazio kanpainak jarriko ditu martxan, baita partaidetza prozesuak ere, prozesuaren fase guztietan, hiri proiektu horrek gizartearen baitan ahalik eta adostasun handiena lortzeko eta, horrela, emisio gutxiko eremua sortzeko prozesua behar bezala burutzeko.
Gainera, Udalaren webgunean, emisio gutxiko eremuari buruzko atal espezifiko bat sortuko da, proiektuari buruzko informazio puntuala emateko.
- Eremuaren diseinua:
- fasean, Irungo emisio gutxiko eremua diseinatuko da, I. fasean egindako diagnostikoaren esparruan ateratzen diren ondorioetan oinarrituz: airearen kalitatea hobetzeko, isuriak gutxitzeko eta zarata txikitzeko helburuak finkatuko dira; eremuaren perimetroa zehaztuko da; eta aipatutako helburuak lortzeko hartu beharreko neurriak landuko dira.
Era berean, aipatutako helburuak lortzeko neurriak prestatzeko neurriak zehaztuko dira, indarreko araudiarekin bat etorriz, eta azterketa juridiko bat eta oroitidazki ekonomiko bat egingo dira.
- Dokumentuaren eta udal ordenantzaren idazketa:
Emisio gutxiko eremuak sortzeko proiektuen edukiari buruzko estatu mailako araudiarekin bat etorriz, proiektu bat idatziko da, eta behin-behinean onartuko. Gero, behin betiko onartu aurretik, jendaurrean jarriko da.
Era berean, Irungo Udalbatzak udal ordenantza bat onartuko du, eta hura ere jarriko da jendaurrean behin betiko onartu aurretik.
Espero diren onurka
Hirigintzako ordezkariak argitu duenez, “Irungo emisio gutxiko eremuaren sorrerak herritarren osasuna eta hiriko bizi kalitatea hobetzen lagunduko du, atmosferako kutsadura eta kutsadura akustikoa murriztuko baitu eta, horrela, arnasten dugun airearen kalitatea hobetu eta hiri atseginagoa sortuko baitu. Gainera, klima aldaketaren ondoriozko krisia arintzen lagunduko du, ohitura osasungarriagoak sustatuko ditu, garraio publikoaren erabilera sustatuko du, eta guk espazio publikoak errekuperatuko ditugu”.
Informatu eta parte hartu
Gardentasunarekin eta jende guztiaren parte hartzearekin konprometituta, Udalak hainbat plataforma jarriko ditu herritarrak proiektuaren bilakaerari buruz informatzeko, sare sozialetan zein webgunean.
Kanpo aholkulariak
Irungo Udalak TECH friendly SL eta Colin Buchanan Consultores SA enpresek osatutako aldi baterako enpresa elkartea kontratatu du emisio gutxiko eremua sortzeko proiektua zehazteko eta hura arautzeko ordenantza idazteko. Hain zuzen ere, aholkulariok diagnostikoa egin dute, eta ekainean hasiko den partaidetza prozesua dinamizatzeaz arduratuko dira.



