Euskararen Hilabetea antolatu du Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuak Irunen euskararen erabilera bultzatu eta motibazioan eragiteko. Hiru jarduerek osatzen dute aurtengo programa: ikasleentzako antzezlanak Amaia KZn, ikasleen lanak jasotzen dituzten Irunero aldizkariaren bi zenbaki berezi eta Palmera Monteron egingo den Mintzodromo gaztea. Josu Iguiñiz Euskara ordezkariak programaren xehetasunen berri eman du gaur goizeko prentsaurrekoan.
Josu Iguiñiz Euskara ordezkariaren hitzetan, “hizkuntza ohituretan eragitea ezinbestekoa da euskara sustatu nahi baldin badugu eta hori lortzeko Euskararen Hilabetea bultzatzen dugu. Euskara ordezkariak azaldu duenez, euskararen erabilera handitzeko lanean jarraitzen dute eta horretarako gazteentzako zuzendutako jarduerak antolatu dituzte, haien ikastetxeetan, lagunen artean, kirolean, gurasoekin eta aisialdiko orduetan euskeraren erabilera bultzatzeko. Iguiñizek erantsi duenez, “guztiok konpromiso bera hartu behar dugu, gazteek egiten duten bezala, euskararen erabilera handitzeko”.
Bide batez, Euskara ordezkariak 2025ean Euskaraldia 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo dela gogoratu du. Iguiñizek adierazi duenez, 11 egun horietan zehar “Euskaraldiak euskararekiko konfiantza eta kontzientzia pizten lagunduko du”.
Euskarazko antzerkia Amaia KZn
Haur Hezkuntza (3, 4 eta 5 urtekoak), Lehen Hezkuntza (3. eta 4. mailakoak) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (1go, 2., 3. eta 4.mailakoak) gazteek ikuskizunak gozatzeko aukera edukiko dute martxoan zehar. Martxoaren 12an, Txalo produkzioak ‘Amak‘ antzezlanak emango dio hasiera Euskararen Hilabeteko programari, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailako gazteei zuzendutako antzerkia izango da. Bertan, ikastetxe bateko itxaron gelan atera ezinik gelditzen diren lau emakumeen arteko istorio desesperagarria umoretik antzeztuko dute.
Martxoaren 13 eta 14an, Zuhaitz Gurrutxagak ‘Futbolistok’ bakarrizketa eskainiko du Derrigorrezko Biharren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailako gazteentzat. Ikuskizun honen ardatz nagusia Zuhaitz Gurrutxaga Real Sociedad futbol taldeko jokalari zeneko garaia izango da. Bere lehen bakarrizketako zenbait pasarte berreskuratzez gain, jokalari garaiko beste hainbat bizipen eta anekdota ere izango ditu hizpide. Horrez gain, jendaurrean lehen aldiz lehen mailako futbolari zenetik lehen pertsonan pairatzea tokatu zaion Asaldura Obsesibo-Konpultsiboaz ere hitz egingo du.
Apirilaren 2 eta 3an, Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleen txanda izango da eta Anodino Teatroak ‘Mamuak’ izeneko obra taula gainera ekarriko du. Egun gogorra suertatu da Malda eta Zorrotzek lan egiten duten almazenean: aurkitu beharreko erlikia galdu bat, konpontzeko dagoen musika-tresna eta hori gutxi ez balitz bezala, istripu baten ondorioz objektu guztiek bizia hartu dute ustekabeak sorraraziz, eta bakoitzaren mamuak esnatuz.
Haur Hezkuntzako egitarauari dagokionez, Eidabe Ekimen Kulturalak konpainiak ‘Amama’ antzezlana taularatuko du martxoaren 18, 19 eta 20an. Obraren protagonistak bere eskolako lagun guztien amonak ikusten ditu, eskolara haien bila datozenean edo parkean, edo musikara eramaten dituztenean… Baina protagonistak ez du amamarik. Eta bere gogo eta indar guztiz amama bat behar du.
Irunero bereziak
Ikasleen sorkuntza lanei ikusgarritasuna ematea helburu hartuta, Irunero aldizkariaren bi zenbaki berezi plazatuko dira. Batak, Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzako laugarren maila bitarteko ikasleen lanak biltzen ditu; besteak, Lehen Hezkuntzako bosgarren mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara bitartekoak. Josu Iguiñiz Euskara ordezkariaren agurra jasotzen duten aldizkariak formatu digitalean argitaratuko dira, eta, ikastetxeei bidaltzeaz gain, horiek irakurtzeko aukera egongo da Irungo Udal atarian.
Mintzodromo Gaztea Palmera Montero Gunean
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako gazteei zuzendutako Mintzodromo Gaztearen beste edizio bat antolatu du Euskara Zerbitzuak Mondragon Unibertsitateko ikasleen gidaritzapean. Martxoaren 14an eta 21ean egingo dituzte saioak Palmera Montero Gunean eta hitzordu horietan hainbat gaien inguruan euskaraz egiteko aukera izango dute gazteek beste institutuetako ikasleekin.
Laburbira
Euskararen Hilabetearen testuingurua aprobetxatuz, Laburbira zirkuituak geldialdia egingo du Irunen apirilaren 9an. Amaia Kultur Zentroko hitzaldi aretoan egingo dira proiekzioak, 19:00etan hasita, eta hauek izango dira aurkeztuko diren lanak: ‘Prosopagnosia’ (Ekain Martinez de Lizarduy), ‘Plazer bat’ (Sonia Estevez), ‘Betiko gaua’ (Eneko Sagardoy), ‘Europa’ (Ekain Irigorien), ‘Pentsatzen dut’ (Alaia Martin Mitxelena eta Uraitz Mateo), ‘Hor konpon’ (Jone Arriola), ‘Goodbay kepler’ (Nerea Ayala) eta ‘Utlandsk’ (Alba Lozano).



