Irungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamentuak akordioa lortu dute Txenperenea eremuan eraikiko den azpiegitura berriak hartuko duen kirol programari buruz, instalazio horien erabiltzaile diren kluben beharretan eta eskarietan oinarrituta. Adostutako kirol-programak atletismo-estadio bat eta errugbi-zelai bat egitea aurreikusten du, erakunde eskudunek homologatzeko modukoak.
Irungo alkate Cristina Labordak eta Kiroletako foru diputatu Goizane Álvarezek bilera batean eman dute akordioaren berri, eta han izan dira Foru Aldundiko Kiroletako zuzendari Roberto Ramajo, Udaleko Kiroletako ordezkari Borja Olazabal eta BAT Bidasoa Atletiko Taldeko eta Txingudi Errugbi Klubeko ordezkariak ere.
Foru Aldundiak eta Udalak kirol instalazioak berreraikitzeko baldintzak hitzartu dituzte, azpiegitura berriaren ezaugarriak zehazten dituen kirol plangintza batean oinarrituz, instalazioak erabiltzaileak atletismoan eta errugbian egokiro aritzeko eta erakunde eskudunek homologatzeko modukoak izatea bermatzeko.
Atletismoa eta errugbiarentzako lekua
Kirol-programa honek atletismo-estadio bat eta errugbi-zelai bat egitea aurreikusten du, biak ere ziurtagiri ofizialerako beharrezkoak diren arauzko dimentsioekin eta bi kluben eskaera historikoei erantzunez.
Atletismo pista estandarra eta 400 metro luze izango da, 100 metroko lasterketetarako eta 110 metroko hesi lasterketetarako erabili ahalko da, zortzi kale izango ditu zuzengunean zein eraztunean, eta berotzeko belar artifizialezko 500 metroko eraztun bat izango du inguruan. Barrutiak belar naturalezko gainazala izango du, baita errugbian jokatzeko zelai homologatu bat ere, jaurtiketa probetarako ere erabili ahalko dena, eta beharrezkoak diren arauzko ekipamendu guztiak ere instalatuko dira, hala nola oztopo lasterketetarako erreka, jaurtiketak egiteko kaiola eta salto probetarako eremuak.
Eraikin bakarra harmailak izango dira, eta, azpian, erabiltzaileei zerbitzu egiteko eremuak eta entrenatzeko lekua izango dira. Horrela, gorputz trinko bat bakarrik eraikita, antolamendua ireki eta irisgarriagoa izango da.
Instalazioaren azalera eraikia 3.600 metro karratu izango da, gutxi gorabehera, eta 800 lagun ingururentzako harmailak, kronometratze dorrea eta epaileen eremua hartuko ditu barnean. Era berean, entrenatzeko 1.800 metro karratuko eremu estali bat izango da: pista, abiadura probetarako entrenatzeko 60 metroko sei kale, salto lehiaketak prestatzeko pasilloak eta jaurtiketak egiteko eremua.
Kirol ekipamenduaren osagarri, aldagelak, komunak, gimnasioa, taberna, biltegiak, erabilera askotarako aretoak eta instalazioak behar bezala funtzionatzeko beharrezkoak diren azpiegitura teknikoak izango dira: kirol ekipamendu moderno bat, taldeen eta herritarren beharretara egokitua.
Kirolaren aldeko hitzarmena
Cristina Laborda, Irungo alkateak adierazi duenez, hitzartutako kirol-programa, aldez aurreko urratsa da erakunde guztiekin finantzaketa-hitzarmena lantzen hasi ahal izateko. Gai hori oraindik ez da konpondu, eta funtsezkoa da Plaiaundiko egungo instalazioak lekuz aldatzeko. Akordioa, “oso albiste ona” dela adierazi du Labordak, “klubek egiaztatu ahal izan dutelako, instalazioa Txenpereneara eramateko benetako alternatiba eta irtenbide zehatz batean lanean ari dela. Bi diziplina horiek baldintza ezin hobeetan eta berme guztiekin burutzeko proiektuaren definizioan aurrera egiten ari gara”, gaineratu du.
Nolanahi ere, Labordak berriro dei egin dio Eusko Jaurlaritzari bere garaian sinatutako akordioaren esparruan hitzartutako ekarpen ekonomikoa egin dezan. Azpimarratu duenez, “Udala beharrezkoak diren tramite urbanistiko guztiak egiten ari da, eta espero dut berandu baino lehen akordioa sinatu dugun administrazio guztiok behin betiko urratsa emango dugula eta behingoz instalazioak lekualdatuko ditugula, Plaiaundi hutsik utziko dugula eta ingurunea lehengoratzen hasi ahalko garela, eremu babestua baita”.
Goizane Álvarez, Kultura eta Kiroletako diputatuak azpimarratu duenez, “akordio honek ziurtasunak ematen ditu: atletismorako eta errugbirako azpiegitura homologagarri eta modernoa zehazten du, klubentzat pentsatua eta herritarrei irekia. Osasunaren eta aukera-berdintasunaren aldeko apustua da, kalitatezko kirola ez dadin bizi den lekuaren araberakoa izan. Gainera, helburu bikoitzean arduraz aurrera egiteko aukera ematen digu: lekualdaketa bermeekin bermatzea eta, aldi berean, Plaiaundiko ingurumenaren berreskuratzea erraztea, erakundeen artean erantzun erreala eta koordinatua emanez”.



