Irungo Udalak Korrokoitzeko eremuan dauden eraikin eta eraikuntzak eraisteko obra gehiago onartu ditu, etorkizuneko garapen urbanistikoari bide emateko asmoz. Urrats berri honekin, Urdanibia plazaren eta Dunboako kanalaren artean kokatutako 16.000 metro karratu baino gehiagoko azalerako eremua leheneratzea lortuko da, hiriko Alde Zaharraren bihotzean dagoen espazioa erabat berrituz. Jarduketa honek Santa Elena, Korrokoitz eta Pelegrin de Uranzu kaleen nahiz Dunboa kanalaren arteko eremu osoa hartzen du bere barnean.
Eremu horretan erdi abandonatuta dauden dozena bat etxe eta eraikin inguru eraitsiko dira. Cristina Laborda alkateak prentsaurrekoan azpimarratu duenez, “eraispen hauen hasiera oso urrats garrantzitsua da etorkizuneko Korrokoitz antolatzeko”; prozesu luzea izango den arren, denboraren poderioz degradatutako eremua gune erakargarri bihurtuko da irundarrek bertan euren bizi-proiektuak garatu ahal izateko. Gaur egun, Korrokoitz kalearen ondoko bi bizitegi-eraikin eraisten ari dira jada, eta gainerakoak ahalik eta lasterren eraisten hasiko direla baieztatu da.
Eraikinen ezabaketa honek herritarren segurtasunaren aldeko urrats garrantzitsua dakar, berriki onartutako Herritarren Segurtasunerako Plan Estrategikoaren laugarren ardatzarekin bat eginez. Hondatzen ari diren espazioak desagerrarazteak herritarrek gune horietatik igarotzean duten segurtasun sentsazioa nabarmen hobetuko du.
Sancheski Fabrika
Beste alde batetik, Tokiko Gobernu Batzarrak Anaka kaleko 28 zenbakian dagoen Sancheski Fabrika zaharra 0 kotaraino eraisteko lanak ere onartu ditu. Eraispen honek eraikin industriala, baserria eta horren eranskinak hartuko ditu barnean, eta lanak Construcciones Sukia Eraikuntzak, SL enpresari esleitu zaizkio.



