Ezaguna da Irunen kirol desberdin asko lantzen direla, espezialitate anitzen elkarteak badaudela eta beraz irundarrek kirola egiteko aukera ugari dituztela. Apirilaren 21az geroztik, gainera, Irunen badago beste kirol mota batez are gehiago gozatzeko parada: padelari buruz ari gara.
Lehen ez zegoen padelean joka-tzeko aukera askorik Irunen, eta egoera hura hobetzeko, zazpi bazkideren artean sortu berri dituzte Landetxa auzoko Bidaurre-Ureder poligonoan Padel Indoor Bidasoa instalazioak.
Huntz Gartzia bazkidearen esanetan, “ikusi genuen Gipuzkoa inguruan bakarrik Donostian zeudela padel hutseko klubak, eta Espainian gora dihoan kirola denez, bada, negozio hau sor-tzea erabaki genuen. Gainera, hemen euri asko egiten duelako ideia ona iruditu zitzaigun pista estaliak eraikitzea. Hortik Padel Indoor Bidasoa izena”.
Lau pistaz osaturiko pabilioia da, leku bikainean kokaturik, autobidearen eta N-1aren ondoan, hain zuzen ere. Aparkaleku propioak ditu eta atseden gunean Wifi estaldura dauka. Hortaz, esan genezake erosotasun guztiez hornituriko instalazioak direla. Baina, horretaz aparte, teknikoki goi-mailako pistak dira.
Huntz Gartzia negozioaren bazkide izateaz gain, azpiegituren arduraduna ere bada. Beste instalazio batzuen aldean, Bidasoakoek zenbait elementu ezberdin dutela azaldu du. “Normalean fokuak izaten dira lurretik gora poste batzuekin jarriak, baina guk goitik beheruntz leku aproposean jarriak ditugu. Halaber, belarrak m2ko 63.000 sastada ditu; pista arruntek, berriz, 47.000. Aipatzekoa ere bada belar bakoitzak zain bat duela, zapaltzen duzunean altxatu egiten dena, belarra zapaldua gera ez dadin, eta hori oso ezaugarri berezia da. Bestalde, kristalak 10 milimetrokoak izan beharrean 12 milimetrokoak dira, segurtasun gehiagorako. Gauza hauengatik guztiengatik esan dezakegu Gipuzkoako pistarik onenak ditugula padelean jokatzeko”.
Padel Indoor Bidasoak kirol elkarte gisara ere egiten du lan, baina bakarrik txapelketa federatuak prestatzeko. Izan ere, maia-tzaren lehenengo astean Gipuzkoako taldeen arteko txapelketa antolatu zuen, eta litekeena da etorkizunean maila altuagoko lehiaketak antolatzea.
Instalazio hauetan jokatzeko ez da bazkide izan behar, ezta kuotarik ordaindu behar ere: izena eman besterik ez. Jokalari bakoi-tzak web orrian pisten erreserbak ikusi eta web orritik bertatik erreserba egin dezake nahi duen orduan jokatzeko. Jokatu ostean, bertan ordaintzen da eta kitto.
Orain arte 260 pertsona inguruk izena eman dute Padel Indoor Bidasoan, eta, egia esan, jaioberri batentzat ez da zenbaki makala. Huntz Gartziak zehaztu du 18 urtetik 65 urtera arteko jokalariek erabiltzen dituztela instalazioak. “Gu maila berdineko partidak antolatzen saiatzen gara: jokalariak maila ezberdinetan sailkatzen ditugu eta arduratzen gara bakoi-tzak bere neurriko aurkaria izan dezan. Padela oso kirol erosoa da, fisikoki ez duzu oso prestatua egon behar ondo jokatzeko. Nire ustez horretan dago kirol honen arrakastaren gakoa”. Instalazioak astelehenetik ostiralera 9etatik 22:30era irekiak daude. Larunbatetan, 9etatik 14etara eta 16etatik 21etara. Igandeetan 9tetaik 14etara.