Eraiki dantza taldeak 2026ko Iñude eta Artzainen konpartsa antolatzeko bilera antolatu du

Eraiki Dantza Taldea otsailaren 8an, igandean, Irunen egingo den Iñudeen eta Artzainen konpartsa antolatzen hasi da dagoeneko. Horretarako, urtarrilaren 11n, igande honetan, bilera  egingo dute, eguerdiko 12:00etan Behobiako auzo elkartean. Bileraren helburua desfilean parte hartuko duten pertsonaiak eta dantzariak banatzea izango da.

Iñudeen eta Artzainen eguna otsailaren 8an ospatuko da aurten Irunen, ohiko moduan, Inauterien aurreko igandean. Urtero bezala, Irungo kale nagusiak zeharkatzen dituen desfile honetan adin guztietako dantzariek parte hartu ahalko dute.

Pertsonaien bila

Iñudeak eta artzainak ez dira desfileko pertsonai bakarrak izango. Izan ere, medikuak, erizainak, apaizak, alkateak, baserritarrak eta bestelako pertsonai osagarriak ere ezinbestekoak baitira. Urtarrilaren 11eko bileran konpartsan izena emateko epea irekiko da eta inskripzioa desfilean parte hartzeko interesa duten pertsona ororentzat zabalik egongo da, bai pertsonai zein dantzari gisa. Taldetik gogoratu dute, desfilean pertsonai gisa parte hartzeko ez dela beharrezkoa dantza egiten jakitea. Horrela, parte hartzeko asmoa dutenak igandeko bilerara gerturatzera animatu dituzte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude