Irungo Udaleko Gazteria Arloak, GazteARTEan zerbitzuaren bidez, haur eta gazteen aisialdiko begirale izateko ikastaro bat jarri du martxan. Izan ere, gazteen partaidetzaren bidezko aurrekontuen prozesuan boto gehien jaso zituen proposamenetako bat izan zen. Ikastaroa Hezten entitateak emango du, irailetik ekainera bitarteko larunbatetan, Martindozenean, eta, behin bukatuta, parte hartzaileek Eusko Jaurlaritzak homologatutako titulua eskuratuko dute. Doako ikastaroa izango da.
Aisialdiko begirale izateko ikastaroak 150 ordu teoriko eta 160 ordu praktiko iraungo du. Atal teorikoa 2023ko irailaren 30ean hasiko da, eta 2024ko ekainaren 1ean bukatuko da. Gehienez ere 24 lagunek parte hartu ahalko dute, eta gutxienez hamar elkartu beharko dira taldea osatzeko. Nagusiki, Martindozenea gaztelekuan emango dira saioak, Irunen bertan.
Ikastaroan parte hartu ahal izateko parte-hartzaileek eskakizun hauek bete beharko dituzte: 2024ko urtarrilaren 1erako 17 urte bete izana, 2024ko urtarrilaren 1erako 30 urte baino gehiago ez betetzea eta 2023ko ekainaren 1erako Irunen erroldatu izana.
Ekainaren 9tik 23ra bitartean eman ahalko da izena aurrez, Irungo Udalaren webgunean. Aurkezten diren eskaeren kopurua handiagoa bada eskaintzen diren tokiena baino, uztailaren 7an, 10:00etan, zozketa bat egingo da, jendaurrean, eta emaitzak uztailaren 11n jarriko dira ikusgai; eskaeren kopurua txikiagoa bada, berriz, ez da egingo zozketarik, eta izen ematea behin betikotzat hartuko da. Behin zozketa eginda, mezu elektroniko bat bidaliko zaie tokia eskuratzen dutenei, inskripzio orria bete dezaten, eta uztailaren 26rako entregatu beharko dute, IGazte Gazteentzako Informazio Bulegoan, Gazteria Zerbitzuaren aurrean edo posta elektroniko bidez.
Informazio gehiago nahi dutenek Gazteartean zerbitzuaren webgunea kontsultatu dezakete, edo 943639353 telefono zenbakira deitu.