Eric Bengoetxea, Samarkanda Tattoo:“Tatuajeek etorkizun bat izan behar dute, horregatik, moda motzak ez dira niretzako”

Samarkanda tatuaje estudioa Irungo Meazuri kaleko 7. zenbakian kokatua dago. Eric Bengoetxearen lanak euskal mitologia eta Asiako kultura nahasten dituen estiloarengatik bereizten dira. Tatuaje sektorean gaur egun ikusten den kalitate eskasiaren aurrean, Bengoetxeak marra sendoak eta kolore solidoak lehenesten ditu, tatuajeek etorkizun bat izan dezaten.

Nola piztu zitzaizun tatuajeekiko interesa?

Ba betidanik gustatu izan zait marrazketa eta ilustrazioen mundua. Egia da nik txikitan tatuajeak betirako egindako ilustrazio bezala ikusten nituela. Hori zen niretzako azkeneko formatua, ezin zen gehiago eskatu. Horregatik, betidanik interesatu izan zait tatuajeak zituen jendea. Denborarekin ikasi dut tatuajeak egiterakoan sintetizatu egin behar dela, hainbeste detailerik gabe, azkenean, dena nahastu egiten delako bestela. Hori izan da nire ikasketa azken urte hauetan, ilustrazioetatik tatuajeetarako jauzia egiterakoan.

“Niri gustatuko litzaidake nire tatuajeak Artalekuko kafetegitik igerilekuraino ikusteko modukoak izatea”

Interes hutsetik, nola iritsi zara Samarkanda Tattoo sortzera?

Bidaia oso luze baten emaitza izan da. Ni 2010ean hasi nintzen tatuaje munduan sartzen, bai ikasketekin eta bai praktiketan, makina zaharrekin. Egia da, 2010etik hona 3 edo 4 urtez mundutik bueltaka ibili naizela. Orduan, itzuli nintzenerako makina guztiak aldatu egin ziren eta nire estudioa ireki nuenerako dena oso bestelakoa zen. Estudioari Samarkanda izena jartzea erabaki nuen hemengo kulturaren eta Txinaren arteko lotura idazteko, Samarkanda, zetaren ibilbidearen barneko hiriaren izena erabiliz. Egia da pena hartu dudala jende gehienak ez duelako ezagutzen izenaren esanahia.

Nola definituko zenuke zure estiloa?

Tatuatzaile bakoitzaren helburua estilo propio bat izatera iristea da. Hau da, zure tatuajeak ikusterakoan edonork zuk eginak direla jakin dezala. Egia da, nik auzoko jendearekin lan egiten dudanez ere, denetarik egiten dudala. Nire estiloa definitu beharko banu, euskal mitologiaren eta Asiako ilustrazioen nahasketa berezi bat dela esango nuke.

Azken urteetan tatuajeen sektorean aldaketa nabariak izan dira, beraz?

Gaur egun jende gehienak dauka tatuajeren bat, baina, egia da, jendea geroz eta okerrago tatuatzen dela, nire ikuspuntutik behintzat. Nire arteko irakasleak egun batean galdetu zidan ea nire lanaz harro ote nengoen, izan ere, gero eta jende gehiago ikusten baita taberna bateko komuneko ateko marrazkiekin, zirriborratuta, tatuaje txiki txikiekin. Orain dela urte batzuk aldiz, jendeak gutxiago egiten zituen, baina oso pentsatuak ziren. Gaur egun tatuajea ez da gauza merke bat, oraindik ere ezabatzeko zaila da eta mingarria da, baina, hala ere, jendeak sekulako tatuaje ergelak egiten ditu. Niri gustatuko litzaidake nire tatuajeak Artalekuko kafetegitik igerilekuraino ikusteko modukoak izatea. Hau da, alboko mahaitik ikusten ez baduzu, niretzat ez da tatuaje esanguratsu bat.

Nolakoa da tatuaje bat egiteko prozesua bezero bat iristen denean?

Oso galdera polita da, nire negozioa irekitzeko komertzioa prestatzen hasi nintzenean, pentsatzen nuen bezero askok atetik sartu eta zer nahi zuten begiratuko zutela, baina ez da horrela inondik inora ere. Irunen bezero gehienak internet bidez etortzen dira eta zuzenean zer nahi duten argi dute, Hortik abiatuta, gero nik nire estiloan jorratzen ditut. Horregatik, garrantzitsua da auzoko bizitza ez galtzea eta Irun bezalako hirietan jendeak negozio berriak irekitzen jarraitzea, dendetara zuzenean sartzeko ohitura hori galdu ez dadin.

Azkenaldian ba al dago tatuajeekin loturiko moda berezirik?

Orain jendeak bereziki tatuaje oso finak eskatzen ditu, detaile askokoak eta leku txikietan. Nahiz eta lehenengo egunetan horiek oso polit ikusi, azala ez da papera bezala, bertan zerbait inprimatu eta betirako berdin mantentzen dena. Gaur egun marra fin eta zuzen bat dena, urte batzuetan fideo bat bihurtu daiteke. Tatuajeek etorkizun bat izan behar dute, horregatik, moda motzak ez dira niretzako. Nik bilatzen dudana da hemendik 10 urte barru ere, egindako tatuajeaz harro jarraitzea. Horretarako, marrak oso sendoak izan behar dira eta koloreak oso solidoak.

Zer aholku emango zenizkioke lehen tatuajea egiteko asmotan dabiltzanei?

Jendeak bi zalantza izan ohi ditu momentu horretan: zeinen mingarria den eta ea gerora damutuko ote den. Erantzun erraza dute. Batetik, ez da jendeak uste bezain mingarria, aurretik tatuatu direnei esajeratzea gustatzen zaiela uste dut. Ez damutzeko, saihestu modak; zeure ideia finko bat tatuatzea da aproposena.

Tatuajeak egiteak adikzioa sortzen du, benetan?

Nik ez diot ezer berezirik sartzen tintari adikzioa sortzeko. Adikzioa psikologikoa dela esango nuke, azalean eramaten duzunaz gain, erritual baten modukoa da. Prozesu apur bat mingarri honen bidez zure itxura aldatzen duzu eta ahaldundu egiten zaitu eta hori da errepikatzeko nahia sortzen duena.

Zeintzuk dira tatuatu daitezkeen gorputzeko atal arraroenak?

Ohikoenak, besoak eta hankak direla esango nuke. Arraroenak berriz hortz oiak, ahosabaia, mihia, ezpainak, belarriak, … Azala duen gorputzeko edozein atal.

“Ez damutzeko, saihestu modak; zeure ideia finko bat tatuatzea da aproposena”

Argazkia: Jael Álvarez

Jendea erakartzeko erronkak jartzen dituzu, ezta?

Zure lehiakideengandik bereizi behar zara eta ni umorea eta sareak erabiliz egiten saiatzen naiz. Horrela, bezeroek, prezioaz gain, tatuaje bat egitea zeinen dibertigarria den ikustea lortu nahi dut. Adibidez, erruleta bat prestatu dut, jendeak jokatuz tatuaje merkeagoak lortzeko aukera izan dezan. Bezeroari garrantzia ematen ahalegintzen naiz, nire kamaradak direla sentitzen baitut, haien azala edukiko ez banu, ez nukeelako lan egiteko aitzakiarik izango.

Geroz eta gehiago entzuten da tatuajeak ezabatzeko edo zuzentzeko aukeraz. Zuri nola eragiten dizu horrek?

Oraindik ere ez da hain erraza tatuajeak ezabatzea, nahiz eta ezabatzeko saio asko egin. Gehienetan konponbide hoberena “cover” bat edo gainetik beste tatuaje handiago bat egitea dela esango nuke.

Etorkizunera begira zer helburu dauzkazu?

Tatuajeekiko eta lan egiteko moduarekiko nire ikuspuntua asko aldatu da. Orain arte 5 urtez nire kontura lan egin dut, baina etorkizunean kalitatezko tatuatzaileak batu nahi nituzke. Hemen ez da hain ohikoa, baina amets bezala nahiko nuke tatuaje estudio handi bat izan eta bertan hainbat tatuatzailek lan egitea, bezeroekin harreman estuagoa berreskuratzeko.

Elkarrizketaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude