GANIX MIRON, Hondarribia Ikasbasket taldeko entrenatzailea: “Egun ona daukagunean, oso zaila da gu mendean hartzea”

Nekatuta utzi zuen Ganix Mironek Irungo Erroibide elkartea. Jokalariak bilatzen eta konbentzitzen aritu behar izaten zuen urtero, udaran, hurrengo sasoirako emakumeen talde nagusia osatzeko. Hondarribia Ikasbasket-en aritzeko proposamena egin ziotenean, ordea, ilusioz hartu zuen erronka. Talde sendoa osatu eta emaitzak lortu ditu, azken hiru denboraldietan. Harro dago egindako lanarekin.

Aurreikusten zenuen lehen fasean mailari eustea lortuko zenutela?

Zaila zirudien, baina egia da udaran taldea indartzea lortu genuela, hiru jokalari berrirekin. Ikusten genuen lan talde ona genuela, eta lehiakorrak izango ginela. Hala, sekulako poza izan da lehen fasea laugarren tokian amaitzea.

Nik uste irabazi beharreko partidak irabazi ditugula. Gure mailako taldeen kantxetan ondo lehiatu dugu, eta partidak irabazi ditugu. Batez ere Gasteizen Araskiren aurka, eta Logroñon Campus Prometeren etxean. Gero, gure aurretik geratu diren hiru aurkarien kontra ezin izan dugu irabazi, baina ahalegin handiak egin ditugu, eta gutxigatik galdu dugu gehienetan.

“Irabazi beharreko partidak irabazi ditugu”

Zein izan da zuen jokoaren oinarria?

Beste taldeetan, jokalari batzuek erraztasun handia dute puntuak lortzeko. Guk ezin dugu horrelako jokorik planteatu, gure jokalarien ezaugarriak kontuan hartuta. Beraz, joko kolektibo ona egiten dugu, eta batzuetan jokoa moteldu, erritmoa mantsotu.

Denbora daramagu zeharkako blokeoak lantzen, adibidez, eta hori nabaritzen da. Egun ona daukagunean, oso zaila da gu mendean hartzea. Orain, igoera faserako proba berriak egiten ari gara, ea zer moduz ateratzen diren. Eta ea min hartutako jokalariak lehenbailehen berreskuratzen ditugun, Eguberriak pasata, zorte txarra eduki baitugu. Falta zaizkigun jokalarien hutsuneak nabaritzen ditugu.

“Harrobiarekin lan ona egiten ari da kluba”

Zer topatu duzu Hondarribian, ilusioa berreskuratzeko?

Batzuetan jendearen laguntza eta bultzada behar izaten da aurrera egiteko. Nik, hemen aurkitu ditut. Gainera, ikusten dut behetik badatorrela erreleboa. Adibidez, oraindik kadeteak diren neskak ari dira gurekin entrenatzen. Onena da, lehen taldeaz gainera, harrobiarekin lan ona egiten ari dela kluba. Adibidez, kadeteak Euskal Ligan ariko dira datorren denboraldian.

Saskibaloia berreskuratu du klubak Hondarribian, garai bateko taldea desagertu ondoren.

Bi proiektuak ezin dira konparatu. Hura talde profesionala zen, eta gu, harrobi klub bat gara. Dena dago harrobiaren inguruan eratuta. Lehen taldea gehiago agertzen da egunkarietan, baina klubak argi dauka lehentasuna harrobia dela. Bertan dago elkartearen etorkizuna.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude