Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen X. Txapelketa antolatu du Irunen Aitzondo Euskara Kultur elkarteak. Hitzordua azaroaren 22an, larunbatean, izango da. Txapelketaren aro berriko bigarren edizioa izango da. Txapelketan parte hartzeko izen ematea zabalik dago jada eta galdetegi hau betez egin daiteke.
2007an antolatu zen lehendabiziko txapelketa, eta urtero egin zen ondoko zazpi urtean, antolatzaileek, LUMA taldeko kide irundarrek, 2015ean ediziorik ez zutela berrituko iragarri zuten arte. Aurtengoan ere, Aitzondo Euskara Taldeak hartu ditu antolaketa-lanak bere gain, eta iaz hasitako bideari jarraituko dio, euskarazko jokozaleen eta, bereziki, hitz gurutzatu maitale ororen pozerako.
Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen X. Txapelketaren edizio honek ohiko formatuari eutsiko dio. Txapelketa goizez jokatuko da, ohiko probei aurre egin beharko diete parte-hartzaileek, zeinak Joxan Elosegi hitz gurutzatu sortzaile irundarrak prestatuko dituen beste behin.
Berrikuntza batzuk tartean
Dena dela, txapelketak berritasun esanguratsuak izango ditu. Batetik, orain arte hiru edo lau parte-hartzaile sailkatu izan dira finalerako, baina aurten sei lagun arituko dira txapela eskuratzeko lehian. Bestetik, luxuzko bi babesle izango ditu aurtengo edizioak: txapelketaren aurreko aldian bezala, Eusko Labelek bertako produktu-sorta bana emango die parte-hartzaile guztiei. Babesle berri bat ere izango da aurten: Alberdania argitaletxeak bonoak prestatuko ditu lehiakide finenentzat, haien katalogoko zenbait liburu eskuratu ahal izateko.
Horrez gain, Egunean Behin aplikazioarekin lankidetzan aritu da lehen aldiz Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa: Egunean Behinek 19. denboraldi honetako aste batean zehar txapelketaren berri emango du, eta trukean proba batzuk prestatu dituzte Joxan Elosegik eta txapelketako antolatzaileek, aplikazio arrakastatsuko milaka eta milaka erabiltzaileek ebatzi beharko dituztenak.
Antolatzaileek, txapelketa izaeratik harago, topaketa eguna izango dela azpimarratu dute. Giro alaian eta patxadan, euskarazko hitz jokozaleek, garai batekoek eta egungoek bat egin dezaten eguna. Hain zuzen ere, zale horiei guztiei begira antolatu nahi izan dute txapelketa hau; bixigarria da lehiaketa, jakina, baina beraien lehen helburua ez da puntako hitz gurutzatuen ederra besterik gabe egitea, baizik eta denon gustuko giroa sortzea eta guztioi egun goxoa eskaintzea, irabazleek merezi duten ohoreaz gainera noski.
Izen-ematea
Hala nahi duten euskaldun guztiek hartu ahal izango dute parte Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen X. Txapelketa honetan, 14 urte beterik badituzte eta aurrez izena emateko orria betea badute. Horrez gainera, 5 euro ordainduko du haietako bakoitzak txapelketa egunean berean. 2025eko azaroaren 18an bukatuko da izena emateko epea.
Hartara, webgune honetan izena eman ahal izango dute hala nahi duten guztiek, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen X. Txapelketan parte hartzeko. Bestalde, zernahi argibidetarako edo, hala behar badu, lehiaketan parte hartzeko izena whatsapp bidez emateko, hona hemen interesatu guztiek baliatu ahal izango duten telefono zenbakia: 685783470.
Lehiaketa
2025eko azaroaren 22ko goizeko 09:00etarako bilduko dira lehiakide guztiak Palmera-Montero gunean (Leandro Agirretxe plazatxoa, 1 – 20304 Irun), eta goizeko 09:30ean hasiko da saioa, lehiakide guztiak aretoko mahaietan egokitu eta gero. Ikasleak azterketetan bezala ariko dira, elkarrekin mintzatu ezinik eta aldamenekoari begiratu bat egiteko tentazioari uko eginik. Bakarrik, lagunik gabe, jardungo dute lehiakideek eta hiztegi-liburua erabili ahal izango dute, hala nahi izanez gero. Ez da hiztegi elektronikorik, ez eta telefonorik edo ordenagailurik onartuko. Lehiakideen esku jarriko dituzte antolatzaileek lehiaketarako behar duten guztia: paperak, arkatzak, borragomak, eta abar.
Hiru aldi izango ditu lehiaketak: 9:30etik 10:15era hasierako proba, 10:30etik 11:15era finalaurrekoa eta 12:00etatik 13:00etara finala.
Hasierako proba mahaian jokatuko da proba izango da eta ez da kanporaketa izango. Lehiakideek 10 x 10 lauki dituen hitz gurutzatu taula bete beharko dute, jakinik horretarako gehienez hiru ordu laurdeneko epea dutela.
Finalaurrekoa, berriz, kanporaketa izaera izango du eta bertan lehiakideek 12 x 12 lauki dituen hitz gurutzatu taula bat eta bera bete beharko dute, jakinik horretarako gehienez hiru ordu laurdeneko epea dutela. Proba honetan aurreneko sei postuetan gertaturiko lehiakideak sailkatuko dira finalerako.
Finala agerian eta jendaurrean jokatuko da finala, besteak zertan ari diren ez dakitela. Beraz, inguruan ibili ahal izango da publikoa panelez panel, finalak eskatzen duen isiltasuna errespetatuz. Lehiakideek 15 x 15 lauki dituen hitz gurutzatu taula bat eta bera bete beharko dute, jakinik horretarako gehienez ordubeteko epea dutela.
Joko hauetan guztietan bezala, zuzentasuna eta lastertasuna izango dira, hurrenez hurren, lehiakide bakoitzak eginiko lana neurtzeko erabiliko diren irizpideak. Garrantzitsua da taula bizkor betetzea, baina ez da hori beti aski aldeak zehazteko. Izan ere, erantzunen zuzentasuna izango da probaren bukaeran gogoan hartuko den lehen irizpidea, eta lastertasuna ondoren.
Sariak
Hona hemen, irabazleagandik hasita, lehiakideek eskuratu ahal izango dituzten sariak:
- 1. postua. Txapela, 400 € eta Alberdaniako bonua.
- 2. postua. 300 € eta Alberdaniako bonua.
- 3. postua. 200 € eta Alberdaniako bonua.
- 4. postua. 150 € eta Alberdaniako bonua.
- 5. postua. 100 € eta Alberdaniako bonua.
- 6. postua. 50 € eta Alberdaniako bonua.



