Ekainaren 14an CBA liburutegian aurkeztuko da “Bertsoak eta Bertsolariak Irunen XIX. mendean” liburua

Ekainaren 14an, asteazkenean, “Bertsoak eta bertsolariak Irunen XIX. mendean” izeneko liburua aurkeztuko da.2020ko edizioko Jose Antonio Loidi Ikerketa Beka irabazi zuen proiektua da. Liburua CBA liburutegiko Loidi aretoan aurkeztuko da arratsaldeko 19:00etan. Gainera, 22 euroren truke Irun eta Hondarribiko liburu-dendetan eskuratu ahalko da eta 13,99€ ebook bertsioan, Alberdaniaren webgunean edo ohiko liburu salmenta webguneetan.

Irungo Udaletxeko Euskara arloa “Bertsoak eta Bertsolariak Irunen XIX. mendean“, 2020ko edizioari dagokion Jose Antonio Loidi Ikerketa Beka irabazi duen lana ezagutaraztera eraman du gaur, hilak 8. Lana Miren Echevestek aurkeztu du, Alberdania argitaletxeko Jorge Gimenez editorearekin eta Joxan Elosegi eta Aitor Errazkin Irungo ikerlariekin batera.

Jorge Gimenez editoreak adierazi duenez, Alberdania argitaletxeak argitaratu du liburua, eta dagoeneko eskuragarri dago Irungo eta Hondarribiko liburu-dendatan, guztira 200 ale argitaratu baitira paperean. Halaber, ebook bertsioan eskuratu ahal izango da.

Irungo eta Bidasoa ibaiaren bokaleko herrietako XIX. mendeko bertso ondarea aurkezten digu “Bertsoak eta bertsolariak Irunen XIX. mendean” izeneko lanak. Bi egiteko nagusi izan dira ikerketa honen oinarrian: bertso-sorta eta testigantzen bilketa, batetik, eta haien aurkezpena eta interpretazioa, bestetik.

Datu jakingarri asko eskaintzen du lan honek bertsoei, haien egileei, eta kantatu edo moldatu ziren uneko gorabeherei buruz. Irun izan da ikerlanaren abiapuntua eta, egileak irundarrak izaki, Irungo ikuspegitik aurkeztua dela esan liteke; halarik ere, Hendaian eta Hondarribian bilduriko testigantzen berri ere eman dute, ongi jakinik ezin dela haiek gabe bertako ondarearen berri eman. XIX. mendeko testigantzak ez ezik, XVIII. mende bukaerako batzuk ere bildumaratu dituzte; izan ere, XIX. mendea ikerlanaren denbora esparrutzat hartu den arren, garai haren bezperako lekukotasunak ere gogoan hartu nahi izan dituzte autoreek.

Ohiz kanpoko ikuspegia dakar bilduma lan honek Euskal Herriko bertso ondarearen gaineko ikerketa mundura, eskualde txiki bateko bertsogintzak XIX. mendean eskaini zituen lanen berri ematen duen aldetik. Bestalde, ezinbestekoa dute ikerlan hau, bertako bertsoez gainera, Irun eta Hondarribiko mintzairaren berezitasunak ezagutu nahi dituzten guztiek.

Datorren asteazkenean, ekainak 14, arratsaldeko 19:00etan, Joxan Elosegi eta Aitor Errazkin ikerlari irundarren “Bertsoak eta bertsolariak Irunen XIX. mendean” izeneko liburua aurkezteko ekitaldia egingo da Irungo CBA Udal liburutegiko Jose Antonio Loidi aretoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude