Olatz Zabala, Santiagotarrak K.Eko presidentea eta piraguista
Ekainaren 30a urteko egunik bereziena da eskarmentu handiko piraguista honentzat. Baina bere oroimenean betirako gordeko dituen sanmartzialak 2009koak dira, zalantzarik gabe. “Ane, nire ahizpa, Behobiko kantinera izan zen, eta Jone lehengusina, berriz, Anakakoa. Oso momentu bereziak bizi izan nituen urte hartan eta, egunen batean, txikitatik izan dudan kantinera izateko ametsa betetzea espero dut, nahiz eta erraza ez izan”. Sanmartzialak oso jai bereziak dira
Olatzentzat, eta familia eta lagun guztiekin bizi izan ohi ditu. Zorionez, estatuko eta nazioarteko txapelketek ez diote kendu Irunen ekainaren 30ean egoteko aukera. “Urtero, behatzak gurutzatu egiten ditut piraguismo egutegia ateratzear dagoenean, eta oraingoz ondo joan zait, beti egon bainaiz Irunen ekainaren 30ean. Hori bai, kontzertuak, entseguak eta bestelakoak askotan galdu izan ditut txapelketak direla eta”. Noizbait ekainaren 30ean Irundik kanpo badago, seinale ona izango da, “Europako edota Munduko txapelketetarako sailkapenak urteko garai horrexetan baitira”.