Udalak ‘Erosi eta Ikasi’ diru-laguntzen hamargarren deialdia abian jarri du 23/24 ikasturterako

Irungo Udalak jakinarazi duenez, uztail honetan, berriro aktibatuko da ikasmateriala hiriko dendetan eros dezaten familiei laguntzak emateko ‘Erosi eta Ikasi’ deialdia. Hamargarren deialdi honetan, hil honen 3tik aurrera eta irailaren 29ra arte zabalduko da laguntzak eskatzeko epea.

Nuria Alzaga Hezkuntzako ordezkariak azaldu duenez, “badakigu eskolara itzultzeak gastu handia dakarrela familientzat. Horregatik, aurten ere, familiei eskola-materiala erosten laguntzeko deialdia egin dugu: testuliburuak, motxilak, kalkulagailuak… Gainera, nobedade gisa, aurten familia gehiagotara iritsiko gara, zabaldu egin baitugu laguntza horiek jasotzeko diru-sarreren muga”. Programaren aurrekontuari dagokionez, hamargarren edizio honetarako aurrekontua 200.000 eurokoa da.

Hezkuntza arloak gogorarazi du garrantzitsua dela egiten diren erosketen fakturak gordetzea; izan ere, eskaera egitean ez da beharrezkoa faktura horiek aurkeztea, baina beharrezkoa da erosketen datu batzuk adieraztea eta, gainera, prozesuan zehar eska daitezke. Uda honetako programa umeak Irunen erroldatuta dituzten familientzako da, Derrigorrezko Hezkuntzako ikasleentzako (Lehen Hezkuntza, DBH eta Oinarrizko LH). Egoitza elektronikoaren bidez, Irun Txartelarekin edo beste sinadura elektroniko baten bidez egiten da izapidea.

Diruz lagundu ahal diren gastuak ez dira aldatzen, eta berdinak izaten jarraituko dute: mahaigaineko materialak, suntsikorrak edo ez-suntsikorrak, hala nola koadernoak, orriak, etab; artxibategiak, kutxatilak, kalkulagailuak, konpasak, motxilak, testuliburuak, etab. Eskola uniformeak edo Gorputz Hezkuntzarako arropa eta oinetakoak ere bai, eta Arte Hezkuntzarako, Plastikarako eta Ikus Hezkuntzarako, Teknologietarako edo Musikarako eskulanetarako gauzak (argizariak, olioak, pinturak, pintzelak). 2023ko ekainaren 22tik irailaren 29ra bitartean Irungo saltoki edo ikastetxeetan ikasmateriala erosteko izandako gastuetarako izango da diru-laguntza.

150 eurorainoko laguntzak

Xehetasunez, ohiko hiru diru-sarrera tarteak eguneratu dira, eta zabaldu egin da familia-unitateko errentaren muga. Horri esker, Irungo familia gehiagok jasoko dute laguntza-deialdi honetan.

Bestalde, Hiri-bultzadako ordezkari Miguel Angel Páezek programaren beste alderdia aipatu du, tokiko merkataritzan erosketa sustatzean ardaztuta. “Hiriko familiei laguntzeko izateaz gain, laguntza hauek Irungo merkataritzan kontsumoa dinamizatzeko ere pentsatuta daude. Ekimen hori oso esanguratsua izan zen, eta guztiz finkatu da, eta oso interesgarria bihurtu da. Dagoeneko hamar urte daramatzagu programa hau eskaintzen, eta horretan jarraitu nahi dugu”.

Horrela, bada, lehenengo tartean, ikasle bakoitzeko 150 euroko laguntzak emango dira 27.000 eurorainoko diru-sarrera gordinak dituzten familia-unitateentzat; bigarren tartean, ikasle bakoitzeko 125 euroko laguntzak emango dira 39.500 eurorainoko diru-sarrera gordinak dituzten familia unitateentzat; hirugarren tartean, berriz, laguntzak 100 eurokoak izango dira 52.000.

Eskatzeko prozedura erraztu egin da, familiei izapidea errazteko:

– IrunTxartelarekin egiten da. Irungo Udalaren webgunean (SAC 24h).

– Autozerbitzu-terminaletan ere egin daiteke leku hauetan:

  • HAZeko bulegoko sarreran (San Martzial karrika)
  • Palmera-Montero Gunean
  • Anakako eta Kateko Kutxabankeko bulegoetan

– Nahikoa da erosketa-fakturak edo -tiketak eta laguntza sartzeko kontu-zenbakia eskura izatea (ez dago erantsi beharrik).

Kudeaketan arazoren bat izanez gero, 010 – 943 50 51 52 telefonoetara dei daiteke; hor on-line tramitatzen lagunduko zaie. Honako hau da 010 telefonoaren ordutegia: astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 19:00etara eta larunbatetan, 09:30etik 13:30era.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude