Miguel Ángel Páez Hiri Bultzada, Ekonomia eta Ogasuneko ordezkariak Udalak argitaratu berri duen gida aurkeztu du. Bidasoa biziriken eskutik osatu da, eta hiriko merkataritza eta ostalaritzako establezimenduen eskura dituzten baliabide eta zerbitzu guztiak biltzen ditu.
Gidaren izenburua «Merkataritza eta ostalaritzarako udal-zerbitzuak 2023» da, eta merkatari eta ostalarien eskura jartzen ditu beren negozioa optimizatzeko eta ingurune gero eta aldakor eta lehiakorrago bat egokitzeko beharrezko tresnak. Gainera, Udalak azkenaldian merkataritzako ekimen guztiak sustatzeko abian jartzen dituen laguntza eta programa guztiak ere aurkezten ditu.
Miguel Ángel Páezen hitzetan, «etengabe aldatzen ari da mundua. Gauza guztiak oso azkar eraldatzen dira. Merkataritzaren munduan ere gertatzen da hori, teknologia berriekin, negozio-eredu berriekin edota merkatuko aukera berriekin, esaterako. Horregatik, gaur inoiz baino gehiago, beharrezkoa da negozioek eskura edukitzea ezagutza guztia eta beren hiriak eskaintzen dizkien tresna guztiak, merkatuko posizionamendua hobetzeko eta negozioen lehiakortasuna handitzeko».
Hauek dira gidaren funtsezko edukiak:
- «Hiriko ekonomiaren aldeko Irungo Udalaren laguntzak», hiriko merkataritza-jardueren lehiakortasuna sustatzeko edo negozio berrien sorrera bultzatzeko, merkataritza-eremuak biziberrituz eta merkataritzarako irudia hobetuz. Atal honetan sartzen dira K-Biziak programa (lokalak alokatu eta birgaitzeko laguntza ekonomikoak) eta hirian jarduerak antolatzeko laguntza ekonomikoen deialdia.
- «Irun.market», Irungo saltokiek bizikletaz salgaiak etxera eramateko online salmentarako plataforma, berriki sortua. Berritasun bezala, Udalean lanean ari dira Irun Aurrera bonuak plataforma horretan erabiltzeko aukera eskaintzeko, urte honetako bigarren seihilekorako.
- «Merkataritzako lehiakortasuna», prestakuntza-saioen bidez negozio horiei laguntza emateko. Atal honetan sartzen diren ekimenen adibide dira frantses eskolak, digitalizazioari buruzko klaseak edota sare sozialak eta marketineko beste tresna batzuk erabiltzeko jarraibideak.
- «Tokiko merkataritzari eta harekin lotutako jarduerei buruzko mahaia». Enpleguaren eta ekonomiaren garapenaren aldeko Irun Ekintzan planaren barruko mahai horrek ibilbide luzea egina du hirian, eta haren xede nagusia da merkataritzaren sektorea indartzea eragile sozioekonomikoen arteko lankidetzaren bidez. Merkataritzarekin lotutako ekimenak foro horretara eramaten dira, eta ekimenak dinamizatzeko edo berriak sortzeko proposamenak jasotzen dira.
Irun Aurrera bonuen VII. edizioa
Aurreko merkataritza eta ostalaritzako bonuek izandako arrakasta ikusita eta gure hiriko merkatari eta ostalariei laguntzen jarraitzeko helburuarekin, Irungo Udalak bonuen 7. kanpaina abiaraziko du apirilean. 10 euroko 17.500 deskontu banatuko dira herritarren artean, ekimenari atxiki ohi zaizkion 200dik gora establezimendutan erabiltzeko.
Erosketak Irunen bertan egin daitezen sustatzeari dagokionez, oso positiboa da azken edizioetako balantzea: 42.000 lagunek baino gehiagok erabili dute Irungo Udalak 2020ko udatik antolatu dituen sei edizioetan merkaturatu dituen 105.000 bonuetakoren bat. Guztira, Udalak 1.225.000 euro jarri ditu, zazpigarren edizio hau ere kontuan hartuta. Kontsumitzaileen gastua batuta, tokiko ekonomikoan izandako eragina 2 milioi eurokoa izan da gutxienez establezimendu parte-hartzaileen alde, aurreko edizioetan.